Baserritarren eguna ospatu dute eskualdean

Leyre Carrasco 2022ko maiatzaren 15a

San Isidro eguna ospatzeko Asteasun triki-bertso poteoa eta Amasan herri kirolak izan dira goizean zehar.

Hainbat herri izan dira San Isidro eguna ospatu dutenak eskualdean. Horietako bat Asteasu izan da. Eguraldia lagun eta giro aparta izan dute herrigunean goiz guztian zehar. Izan ere, triki-bertso kalejira egin dute tabernaz taberna herriko trikitilariekin eta Julio Soto eta Amaia Agirre bertsolariekin batera. Ondoren, bazkaltzera joan dira Iturriondo jatetxera, eta bazkalostean trikitilari eta bertsolarien beste saio bat eskaini dute.

Ohiturak jarraituz, Amasan ere baserritarren eguna ospatu dute. Bertsoak alde batera utziz, hauek herri kirol saioa antolatu dute, eta bero zakarrarekin egin behar izan dituzte kirolariek lanak. Herriko plazako elizaren itzala eskertu dute ikusleek gaurkoan. Herri kirol saioaren ostean, bazkaltzera joan dira Iturrigoxo jatetxera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!