Inoizko uztarik emankorrena

Ataria 2022ko maiatzaren 13a

Errigoraren udaberriko kanpainaren eskaerek nabarmen egin dute gora; produktuak iritsi dira eskualdera eta eskariak jaso ahalko dira eskualdeko 15 banaketa puntuetan.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren eskaerek nabarmen egin dute gora aurten Tolosaldean. Guztira, 538 etxetara iritsiko dira Errigorako produktuak. 7.660 litro olio eskatu dira (iaz baino %52 gehiago), 12.696 ontzi kontserba (iaz baino %9 gehiago) eta 2.496 pakete arroz, pasta eta lekale (iaz baino %40 gehiago).

Euskal Herrian ere inoizko uztarik emankorrena izan dela aurtengoa azaldu dute. 10.000 etxek egin dute bat kanpainarekin eta 143.000 litro olio, 271.000 ontzi kontserba eta 41.000 pakete arroz, pasta eta lekale eskatu dira. Horrenbestez, udaberriko kanpainaren bidez, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzak eta elikadura burujabetzan sakontzeko proiektuak bultzada garrantzitsua jaso dute aurten ere.

Bada, dagoeneko iritsi dira produktuak Tolosaldera, eta eskariak jasotzeko unea da orain. Gainera, eskurago izango dute askok eskariak jasotzea, aurten Ikaztegieta batu baita banaketa puntuetara. Beraz, guztira eskualdeko 15 herritan jaso daitezke produktuak: Abaltzisketan, Adunan, Alkizan, Amasa-Villabonan, Amezketan, Anoetan, Asteasun, Berastegin, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Larraulen, Orexan, Tolosan eta Zizurkilen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!