Eskualdeko hemeretzi segalari ariko dira aurtengo bakarkako ligan

Ataria 2022ko mai. 12a, 17:36

Helduetan lau emakume eta lau gizon ariko dira, eta gaztetxoetan 11 izango dira eskualdekoak. Larunbatean hasiko da lehia, Udaben.

Almitza Sega Elkarteak antolatzen du Euskal Herriko XIII. Bakarkako Sega Liga, eta bertan guztira hamar emakumezko eta 11 gizonezko helduetan, eta hamasei gaztetxok parte hartuko dute. Hiru saio egingo dira, eta lehenengoa larunbat honetan izango da, 18:00etan hasita, Udaben (Basaburuan, Nafarroa). Bigarren saioa Altzon egingo da, ekainaren 4an, eta hirugarrena Oiartzunen, ekainaren 11n.
 
Emakumezkoetan lau izango dira eskualdeko segalariak: Jugatx Agirre berastegiarra, Luixa Uzkudun leaburuarra, Alaitz Imaz hernialdearra eta Ainara Otamendi ibartarra. 35 metro karratuko eremua ebaki beharko dute. Gizonezkoak beste lau izango dira: Oier Urkola anoetarra, Mikel Lizartza tolosarra, Amaiur Arrospide leaburuarra eta Joakin Garmendia anoetarra. Ehun metro karratuko eremua ebakiko dute.
 
Gaztetxoetan, Gaztelutik bederatzi izango dira parte hartuko duten segalariak: Haizea Larrañaga, Xare Iriondo, Irati Tome, Mari Olazar, Inge Goikoetxea, Lorea, Xuban Garzia, Aner eta Nahia Lopetegia. Leaburuarrak beste bi izango dira: Izadi Arrospide eta Mireia Larreta. Adinaren arabera moztu beharreko sailak tamainaz aldatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!