Matrikulazio kanpaina zabalduko du Loatzo musika eskolak

Ataria 2022ko maiatzaren 12a

Izen emateak maiatzaren 16tik 22ra egin ahal izango dira www.loatzo.eus helbidean.

Loatzo musika eskolak 2022-2023 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu du. Datorren ikasturtean eskolan izena eman nahi dutenek horretarako aukera izango dute www.loatzo.eus helbidean, online, maiatzaren 16tik 22ra. Aduna, Alegia, Altzo, Anoeta, Ibarra, Irura, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalak dira mankomunitateko kide eta bertako biztanleek eman dezakete izena.

"Musikaz gozatzeko, ongi pasatzeko, kantatzeko, musika tresna bat jotzeko eta talde bat osatzeko aukera dago Loatzon", esan du Ainhoa Elizondo irakasleak. "4 urtetik aurrerakoek eman dezakete izena, adin mugarik gabe. Animatzen ditugu herritarrak musika eskolara etorri, ezagutu eta parte har dezaten eta gure herrietako bizitza kulturala biziberritzeko parte izan daitezen".

Musika eskolan izena ematen duten herritarrei matrikulan hobariak aplikatuko zaizkiela iragarri du mankomunitateko lehendakari Beatriz Unzuek, gainerako udal ordezkarien izenean. "Famili ugariek %10eko hobaria izango dute eta orain arte ez bezala, familia berdineko beste kideren bat matrikulatzen bada %15eko hobaria aplikatuko zaio eta beste horrenbeste hirugarrengo kideari. Lehen bezala, Gazte txartela dutenei %10eko hobaria aplikatuko zaio matrikulan". Unzuek nabarmendu du aldaketa hauek eginda, ahalik eta familia gehiengana iristea dela helburua.

Musikaz gozatu, musika ikasi eta kultura indartzeko deia egin dute mankomunitatea osatzen dute udalek eta Loatzo musika eskolan izena ematera animatu dituzte herritarrak.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!