Herria ordezkatzen den lehia

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 12a, 19:59

Martxan dago Herriarteko Pilota Txapelketa, eskualdeko bost herriren parte hartzearekin. Gomazko paletan Anoetak eta Tolosak ez dituzte emaitza onak lortu joaneko partidetan.

Bost herri, hiru modalitate eta zazpi parte hartze: horiek dira Tolosaldearen ordezkaritza aurtengo Herriarteko Pilota Txapelketan. Tolosak hiru modalitatetan parte hartzen du: gomazko paletan, palaz eta eskuz. Gomazko paletan ere Anoeta dabil lehian, eta eskuzko modalitatean beste hiru herrik parte hartzen dute: Alegia, Amasa-Villabona eta Amezketa.

Gomazko paletan asteburuan hasi dira parte hartzen eskualdeko bi ordezkariak, eta oraingoz emaitzak ez dira nahi bezala atera, biak ala biak 2-1 galtzen ari baitira. Anoetak Astigarraga du aurkari, eta etxean jokatu zituzten joaneko neurketak. Kantxa osoan banaka 9-20 galdu, binaka kantxa osoan 13-20 ere galdu, eta banaka zazpi koadroren barruan 20-9 irabazi zuten. Beñat Luluaga, Alain Luisa, Juan Karlos Otero eta Aratz Luisa dira titular moduan jokatzen dutenak, eta Iñigo Labaka da ordezkoa. Aratz Luisak dioenez, «bi garaipen lortzea espero genuen, baina hala ere kanporaketari buelta emateko aukera ikusten dugu. Orain gutxienez bi garaipen lortu behar ditugu Astigarragan, emaitza onak eskuratuz, hiru partidak irabaztea zaila baita». Bueltako neurketak larunbatean dituzte, Astigarragan, 10:00etan hasita. Orain arteko lau urteetan parte hartu dute anoetarrek Herriartekoan.

Tolosako palistek Zumarragaren aurka dute kanporaketa gomazko paletan. Joanekoa aurkarien etxean jokatu dute, eta banaka kantxa osoan 6-20 irabazi, binaka kantxa osoan 20-1 galdu eta banaka zazpi koadroren barruan 20-11 galdu dute. Gomazko paletan taldea Urtzi Erleaga, Iñaki Arriola, Ion Tapiz, Karim Laamirni, Ioritz Egiguren, Jon Aldazabal eta Julen Izagirre pilotariek eta Santi Mendigain ordezkariak osatzen dute. «Emaitza kaskarra izan da», esan du Javi Iraolak, palako modalitatean ordezkari ari denak. «Aldeko eta kontrako tantoen kopurua oso txarra da, eta bueltako jardunaldian behartuta gaude hiru partidak irabaztera». Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko dituzte bueltakoak, bihar, 21:00etan.

Palako modalitateak urte asko daramatza Herriarteko Txapelketan, eta aurten Tolosak parte hartzea erabaki du. «Pilotariak Tolosa CF-ren barruan gaude sartuta, eta aurten klubaren ehungarren urteurrena denez, aurkeztea pentsatu dugu», esan du Iraolak. Modalitate honetan bi partida jokatzen dira: paleta larruz eta pala motzean, biak bikoteka. Pilotariak Patxi Ropero profesional ohia (berez Oiangu klubean dagoen tolosarra), Karim Laamirni, Urtzi Erleaga eta Ioritz Egiguren izango dira. Errenteriaren aurka dute lehen kanporaketa, eta aurkarien etxean jokatuko dute lehendabizi, Agustina Otaola frontoian, maiatzaren 19an ziurrenik. «Oso zaila izango dugu aurrera egitea», esan du Iraolak. «Aurrenekoz aurkeztu eta iazko txapeldunordeak tokatu zaizkigu».

ESKUZKO LEHEN PARTIDAK

Eskualdeko lau herri ariko dira eskuzko modalitatean, eta denak asteburu honetan hasiko dira lehian. Amezketak Oñatiren aurka du kanporaketa, eta bihar, 19:30ean hasita, jokatuko dituzte joaneko partidak herriko Larrunarri frontoian. Kadeteetan Amets Gorostidi (berez infantila) eta Ander Ruiz ariko dira. Jubeniletan lau pilotari daude, eta erabakitzeke dute zein izango diren titularrak: Eneko Gorostidi, Beñat Gorostidi, Ander Balerdi eta Ugaitz Mujika. Nagusietan, Aitor Galartza eta Ibai Beloki ariko dira. Bi azken hauen parte hartzea eskertu du Beñat Beloki taldeko arduradunak: «Berez pilota utzita dute, eta herria txapelketan egoteko ahalegina egiten dute parte hartuz». Kanporaketa irabazteko aukera estua dutela dio Belokik: «Jubeniletan gureak faboritoak dira, baina kadeteetan dirudienez antzeko maila izango dugu, eta hor egon daiteke kanporaketaren gakoa».

Tolosako taldean Beñat Beloki pilotari moduan aritzen da, nagusietan. Maila horretan ere beste bi pilotari daude, Ander Sudupe eta Ioritz Egiguren. Kadeteetan Julen Insausti eta Jurgi Altuna ariko dira, eta jubeniletan Jokin Onsalo eta Martxel Iztueta. Zestoaren aurka dute kanporaketa. «Kadeteetan beraiek dira faborito, jubeniletan gu, eta nagusietan egon daiteke gakoa. Kanporaketa estua izango da», esan du Belokik. Joaneko partidak bihar jokatuko dituzte, Zestoan, 19:00etan hasita.

Alegiak Andoainen aurka jokatuko du kanporaketa, azken horrek Idiazabalen aurka irabazi ondoren. Kadeteetan Egoitz Agirre eta Josu Collado ariko dira, jubeniletan Jon Zabala eta Egoi Irazustabarrena izango dira titularrak eta Eñaut Otegi ordezkoa, eta nagusietan Julen Oiarbide eta Aratz Irazustabarrena dira titularrak, eta Gorka Altuna ordezkoa. Azken urteetan zazpi edo zortzi aldiz parte hartu dute, eta aurtengoan azken orduan osatu ahal izan dute taldea txapelketan parte hartzeko. Jose Luis Zabala taldeko arduradunak irabazteko aukera batez ere kadete eta nagusien mailan ikusten du, baina kanporaketa «estua» izango dela iruditzen zaio. Joaneko partidak bihar jokatuko dituzte, 19:30ean hasita, Andoainen.

Amasa-Villabonaren aurkaria Ataun izango da, eta etxean jokatuko dituzte joaneko partidak, bihar, 18:30ean hasita, Bearzana pilotalekuan. Kadete mailan, Pello Aranburu eta Aitor Larrarte ariko dira, jubeniletan Eñaut eta Oier Aranburu anaiak, eta nagusietan Aimar Iraola eta Koldo Jauregi. Kadeteetan Unai Zufiria eta Julen Jauregi daude ordezko, eta nagusietan Aitor Ormazabal, Mikel Otaño eta Eneko Maiz. «Faborito argiak ataundarrak dira, jubeniletan Zubizarreta eta nagusietan Senar dituztelako», esan du Iñaki Lizaso Amasa-Villabona taldeko arduradunak. «Azken bost urteetan hirugarren parte hartzea izango da. Ez da erraza izaten taldea osatzea, eta pozik gaude aurten parte hartzen ari garelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!