Bilbora irteera antolatu du Saiaz mankomunitateak

Ataria 2022ko maiatzaren 12a

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak emakumeei zuzendutako irteera antolatu du Bilbora. Hilaren 28an izango da egunpasa Albiztur, Bidania-Goiatz, Beizama eta Errezilgo emakumeentzako, eta apuntatzeko azken eguna hilaren 20a da.  

Albiztur eta Bidania-Goiazko emakumeek Bilbora egunpasa egiteko aukera izango dute hilaren 28an, Errezilgo eta Beizamako emakumeekin batera. Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta Bilbo ezagutzeaz gain, emakumeek bertan izan zuten garrantziaren berri jasoko dute. Irteeraren helburuetako bat lau herrietako emakumeak saretzea da.  

09:15ean, Albizturko plazatik abiatuko da autobusa Bilborako bideari ekiteko, eta 09:20an, Bidania-Goiazko plazatik pasako da. 11:00etan, eguna ondo hasteko gosaria egingo dute.

11:30ean, Bilbon zehar bisita gidatua izango dute: Casilda parkea, Guggenheim museoa, Alde Zaharra, merkatua... Emakumeek izan zuten garrantzia kontatuko diete. 14:00etan, bazkaria egingo dute eta 16:00etan, denbora librea izango dute Alde Zaharrean zehar ibiltzeko. 18:00etan, etxera bidea hartuko dute.

Interesatuek maiatzak 20 izango dute apuntatzeko azken eguna, eta saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora idatzita edo 646 478 414 telefono zenbakira deituta eman beharko dute izena. 35-40 euro ordaindu beharko du bakoitzak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!