Saharar gatazka ulertzeko ekitaldiak

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 10a, 19:26

Fronte Polisarioaren sorreraren urteurrenaren bueltan, ekitaldi sorta antolatu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak Maiatza Borrokan izenburupean hainbat ekitaldi antolatu ditu beste urte batez. Ez da kasualitatea egitaraua egun hauetan kokatzea, saharar herriarentzat egun garrantzitsuak baitira. «Atzo, hain justu, 49 urte bete ziren Fronte polisarioa sortu zela eta hilaren 20an, berriz, lehen ekintza armatua egin zuten, beraz, horien aitzakian antolatzen ditugu ekitaldiak», azaldu du Egoitz Luisa elkarteko kideak.

Marokok su etenaren baldintzak hautsi zituenetik gerra egoeran dagoela Mendebaldeko Sahara gogoratu Luisak, baina, informazio gutxi iristen dela; errefuxiatuen kanpalekuetako informazioa iristen da Marokoren eskuetan ez dagoelako, baina Mendebaldeko Saharakoa gutxi». Hori izango da, hain justu, datorren asteko hitzaldian jorratuko duten gaia.

Espainiaren Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldaketa «kolpe handia» izan dela bai sahararrentzat bai eta elkartearentzat ere azaldu du, «konponbiderako atzera urrats bat delako». Hori izango da besteak beste hizpide gaur Tolosan izango den hitzaldian; «bertako egoera zuzenean bizi duen aktibista saharar batek egingo du analisi politikoa».

Proiektuak ezagutzeko aukera ere izango da Maiatza Borrokan egitarauaren barruan. Etzi, ostiralean, Bubisher proiektuaz ariko dira Anoetan. «Kabiak proiektuaren barruan, errefuxiatuen kanpalekuetan liburutegiak bultzatu eta irakurzaletasuna sustatzeko ekimena da, eta oso polita iruditu zaigunez, bultzatzaileetako bat gonbidatu dugu».

Azken egunean, hilaren 20an, «amaierako festa» modukoa egingo dute Villabonan. Haima bat jarriko dute, henna egiteko aukera, tea eta musika... izango da. Hitzaldi bat izango da tartean, eta baita elkarretaratzea ere.

EGITARAUA

  • Maiatzak 11. Sahara Occidental, entre el olvido y la traición hitzaldia, Taleb Alisalem saharar aktibistarekin, Antxon Bandres bidaiarien txokoan, 19:00etan.
  • Maiatzak 13. Bubisher proiektua eta Saharako kabiak. Anoetako udaletxean, 19:00etan.
  • Maiatzak 18. 3 camaras robadas. Lurralde okupatuetan Equipe Mediak jasaten duen jazarpenaren inguruan, Ahmed Ettanji bertako zuzendariarekin, Alegiako kultur etxean, 19:00etan.
  • Maiatzak 20. Haima, henna, musika... Villabonako Berdura plazan, 16:00etan. Elkarretaratzea, 19:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!