Kooperatiba osatzeko urratsa emango du Lurtarok

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 11a, 11:58

Balizko kooperatibaren estatutuak lantzeko bilera irekia egingo dute larunbatean, 10:30ean, Anoetako Mikelasagasti auditorioan.

Tolosaldeko bederatzi lagunek iaz aurkeztu zuten Lurtaro, eskualdearentzat elikadura osasuntsu baterako oinarriak jartzeko asmoz. Elikadura katean eragin nahian, elikadura burujabetzan eta agroekologiaren ereduan sakontzeko proposamena luzatu eta 2021eko urritik abendura bitarteko hilabeteak proiektua sozializatzen eman dituzte herriz-herri. Taldeko kideak gustura daude jaso duten erantzunarekin eta "sentsazio onak" jaso dituztela esan dute. Honenbestez, proiektua zabaltzen jarraitzeko konpromisoa hartu eta kooperatiba integral bat osatzeko urratsak eman dituzte azken hilabeteetan. Lanketa hori herritarrekin partekatuko dute, larunbatean, maiatzaren 14an, bilera ireki bat egingo baitute Anoetako Mikelasagasti auditorioan 10:30ean hasita.

Tolosaldeko 14 herrietan egin dituzte proiektuaren aurkezpenak eta saretze horretan interesa agertu duten 230 pertsonaren zuzeneko kontaktuak jaso dituzte. "Saretze hori bederatzi lagunek abiatu dugu, baina egitasmoak aurrera egingo badu, beste gihar bat beharrezkoa dela uste dugu", esan du Maddi Sarasola Lurtaro elkarteko kideak. Herritarrekin bezala, ekoizleekin ere hasi dute harremana eta pare bat bilera egin dituzte haiekin. "Guk uste dugu etorkizuneko elikadura hori agroekologiatik eraiki behar dela eta ekoizpen eredu horrek edukiko duela lehentasuna gure proiektuan. Baina jakitun gara eskualdean gailentzen den eredua ez dela hori. Trantsizioa egin beharko dugu. Eredu ezberdinetan ari diren ekoizleak saretu beharko ditugu. Proiektu eraldatzailea da eta egoerari buelta eman nahi badiogu, lanketak jarri beharko ditugu martxan berandu baino lehen. Horretarako tresna egokia kooperatiba dela uste dugu". 

Azkeneko hilabeteak barne lanketan eman dituzte Lurtarokoek. Ekoizpenaren antolaketaz hausnartu dute eta balizko elikadura gune horren kokapena eta ezaugarriei buruz gogoetatu dute. Dena den, lanik handiena kooperatibaren estatutuak zehazten hartu dituzte. KoopFabrika-ko eta OlatuKoop-eko kideen laguntza izan dute. Larunbatean, OlatuKoopeko kide baten laguntza izango dute orain arteko lanketaren inguruko zehaztapen teknikoak emateko.

300 bazkideren beharra

Langile kooperatiba integral baten proposamena eramango dute Lurtarokoek larunbatean Anoetako Mikelasagastin egingo duten bilerara. "Hiru hanka ditu gure proiektuak: ekoizpena, denda eta biltokia. Honenbestez, iruditzen zaigu kooperatiba horretan erabiltzaileek, alegia, ekoizleek, kontsumitzaileek eta biltoki horretatik hornituko liratekeenak izan beharko luketela kooperatibaren pisua. Erabaki ahalmen handiena hiru zutabe horiek beharko lukete izan. Gure planteamenduan, ordea, bestelako bazkideentzat ateak zabalik uzteko aukera ere kontenplatzen da: erakunde publikoei, eskualdeko elkarte edo gizarte mugimenduei, bazkide kolaboratzaileei...". Kooperatiban liberatuta arituko diren langileak egotea ere aurreikusten dute eta haiek ere erabakigunean parte hartzeko aukera zabaltzen du larunbatean aurkeztuko duten ereduak.

Kooperatiba osatu eta egitasmoa martxan jarri ahal izateko, gutxienez, 300 bazkide biltzeko beharra dagoela aipatu dute Lurtaro elkarteko kideek. Larunbateko bileraren ostean hasiko dira bazkideak lortzeko kanpainarekin eta informazio guztia www.lurtaro.eus helbidean izango dute interesatuek. "Guretzako garrantzitsua da jendea gerturatzea eta proiektu honen parte sentitzea. Kooperatiba gauzatuko bada, herritarren saretzetik gauzatuko da. Ekar ezagutu, babestu eta lan egiteko prestutasuna adierazteko aukera izango dugu larunbatean", dio Sarasolak.

Bileran kooperatibaren estatutuen lanketa "ahalik eta modu dinamikoenean" azaltzen saiatuko dira Lurtaroko kideak eta bertaratutakoen zalantzak argitu eta haien ekarpenak entzungo dituztela esan dute.  Bileraren ondoren, gerturatzen direnek bertako produktuekin osatutako mokadutxoa dastatzeko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!