ELKARRIZKETA

«Sua dagoenean kea nonbaitetik azaleratu egiten da»

Irati Saizar Artola 2022ko mai. 13a, 07:58
Keia taldea. IBAI ARRIETA

Barruko su txikiei darien kea kantuz bildu du Keia taldeak, Erregaia izeneko lehen diskoan. Ane Arruti zarauztarrak eta Iker Martinez de Zuazo, Egoitz Olalde eta Iñigo Ibarrondo oñatiarrek osatu berri dute taldea. Arrutik idatzita zituen letrak doinuz jantzi dituzte eta doinu horiek zabaltzera datoz Tolosaldera datozen asteetan.

Keia taldeak maiatzaren 20an eskainiko du kontzertua Bonberenean, eta ekainaren 17an Orexako Ostatuan izango da, bietan, 22:00etan.

Bakarkako proiektu batetik etorri da Keia. Arrutiko Intxaurrak izenarekin bakarlari moduan ibili zinen aurretik.

Aspaldi xamar bakarlari bezala ibili nintzen nire kantuak jotzen eta nahiko utzita neukan. Inoiz ez nuen esan utzi egin nuenik, baina abandonatzen joan nintzen. Banituen ordea kanta batzuk pilatuta eta gogoa nuen zerbait egiteko; hortik sortu zen taldea, kantu horiek moldatzeko gogo horretatik.

Abesti horiei taldean eman nahi zenien zentzua?

Talde lana izan da, nik oinarria jarri dut eta gero lauron artean joan gara kantuak sortzen eta beste forma bat ematen.

Eta musikariak bilatu behar izan dituzu.

Laguntza bila hasi nintzen, bakarrik egitea zaila delako, eta Iker Martinez de Zuazori komentatu nion. Bera laguntzeko prest agertu zen gitarra batekin, eta berak ezagunak zituen Egoitz Olalde eta Iñigo Ibarrondo, hirurak oñatiarrak dira eta horrelaxe hasi ginen. Nik kantuak pasatzen nizkien beraiei eta beraiek proposamenak egiten zituzten, eta azkenik lokalean ematen genien amaierako forma.

 

«Disko honekin barruko su txikiei erregaia bota diegu eta berriro bizitu ditugu»



Hirurak oñatiarrak eta hirurak esperientzia handiko musikariak.

Talde ezagun batzuetatik pasatakoak dira, bai. Esperientzia horrek asko laguntzen du. Martinez de Zuazo, esaterako, Latzen eta Potemkin taldeetan ibilia da eta bakarkako ibilbidean ere badabil; beste biak Sharon Stoner, Zingira eta beste hainbatetan ibili dira. Bizitza osoa daramate musikaren munduan eta nabaritu egiten da.

Musikariekin letrei melodia jartzen hasi eta talde izaera hartu zenuten?

Hasieran asmoa txikia zen: kantuak osatzea eta lokalean grabatzea. Baina laurok batera entseguak egiten hasi ginenean gustura geundela ikusi genuen, konturatu ginen kantuek bazutela indarra zuzenekoetarako eta gehiago amesten hasi ginen. Estudio batera joan gintezkeela eta disko bat grabatu genezakeela pentsatu genuen. Horrelaxe izan da prozesua, batere planifikatu gabea.

Eta zein musika egiten duzue?

Zaila egiten zaigu etiketa bakar bat jartzea. Letrak pasatzen nizkien neurrian, banaka joan ginen kantuak osatzen, aurretik irizpiderik jarri gabe. Bakoitzak etortzen zitzaion ekarpena egiten zion abestiari, eta kantu batzuk joera bat hartu dute eta beste batzuek beste joera bat. Baina guztiak daude rock aterki baten azpian, batzuk gogorragoak izango dira eta beste batzuk poperoagoak. Rock etiketaren azpian eroso gaude. Hiru musikari hauen ibilbidea kontuan hartuta ere nahiko jakina zen bide hori hartuko zuela taldeak.



Elkarlaneko proiektu bat da, beraz.

Musikariek akaso ezetz esango dute, baina hala da. Ikusita zein esperientzia zuten musikariek, esan nien ez niela irizpiderik emango. Zein naiz ni irizpideak markatzeko? Askoz aberatsagoa izan zitekeen letrek iradokitzen zietena egitea. Elkarlanean joan gara sortzen. Kontua da sortzen hasi ginenean, iaz, itxiera perimetrala bezalako neurriak genituela, eta etxetik aritu ginen sortzen. Gero entsegu lokalean denon artean amaitu ahal izan ditugu abestiak.

Pandemia garaian sortzen hasi eta pandemia osteko talde bat zarete.

Iazko apirilean ezagutu genuen elkar eta behin martxa hartuta nahiko azkar egin ditugu gauzak.

Taldearen sorrerarekin batera diskoa ere etorri da.

Hamar kantuz osatuta dago. Nafarroako Bera herriko Atala estudioan grabatu dugu, Iñigo Irazokirekin. Sekulako esperientzia izan da, laurok batera jotzen grabatu dugu, modu analogikoan. Oso gustura geratu gara emaitzarekin.

Modu analogikoan grabatu duzue. Zein da modu hori?

Zintan grabatzen da, lehen egiten zen moduan. Soinu berezia izateaz gain, guri suposatu diguna da gauzak gehiago prestatuta eraman behar izan ditugula estudiora; izan ere, zintak bere mugak ditu. Esaterako, zati bat grabatzen baduzu eta ez bazaizu gustatzen, ezin da badaezpada jasotzeko beste bat egin, aurrekoa borratu behar delako. Polita izan da modu hori ezagutzea ere.

Keia du izena taldeak eta Erregaia jarri diozue izena diskoari. Suarekin jolastea gustuko duzue?

Lehenengo talde izena pentsatu genuen eta gero etorri zen diskoarena, hitz joko horretatik. Barruan ditugun su txiki horiei egiten diegu erreferentzia, denok ditugu barruan su batzuk askotan identifikatu gabeak edo kasurik egin nahi ez diegunak, eta sua hor dagoenean kea nonbaitetik azaleratu egiten da. Disko honekin su txiki horiei erregaia bota diegu eta berriro bizitu ditugu.

Ilunetik du diskoak?

Jendeak esan digu baduela ilunetik, uste baino ilunagoa dela, niri hain iluna iruditu ez arren. Jendeak esaten badu, zerbait izango du. Letrak ere ez dira oso positiboak egia esan, baina beti esaten dut idatzi nituenean ez nengoela hain triste. Askotan errazagoa zait tristuraz hitz egitea maitasunaz edo gauza alaiagoez baino. Bakoitzaren kontraesanak, ezinegonak bildu ditugu.



Eta martxan zabiltzate, kontzertuekin. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Oso gustura gabiltza. Nahiz eta esperientzia izan taldekideok, talde berria da, hasiberria, eta badakigu ez dela erraza kontzertuak eskaintzea, baina batzuk eman ditugu, beste batzuk ere badauzkagu agendan eta pozik gaude. Gainera, bakarrik ibiltzera ohituta nengoen eta taldean zoazenean beste bizipen batzuk dituzu, konpartitu egiten dituzu eta polita da.

Biak probatu dituzu, bakarrik ibiltzea eta taldean aritzea. Zein aukeratuko zenuke?

Dudarik gabe taldea aukeratuko nuke. Egia da bere desabantailak badituela, batez ere, koordinazio kontuak direnak, baina, bestela, guztia da abantaila.

Zein feedback jaso duzue lehen kontzertu horien ostean?

Jendeari gustatu zaio eta horrela jarraitu nahiko genuke. Feedback ona jaso dugu. Nolabait esateko, gure musika ez da jai girokoa, ez daukazu parean jendea dantzan, baina, hala ere, inpresio ona izan dugu.

Jendea kultur gosez ere egongo da. Nabaritu duzue?

Ez dakit, nire zalantzak ditut. Neurri murriztaileak amaitu zirenean, jendeak bazuen kalerako gogoa, baina ez dakit ez ote garen etxean egotera ohitu eta etxetik ateratzea ez ote den kostatzen. Baina ez da soilik kontzertuen inguruan, orokorrean esaten dut. Sentsazio hori dut momentu honetan.

Tolosaldera etorriko zarete, bi bider, datozen asteetan.

Kasualitatez, bi kontzertu atzeratu behar izan ditugu, eta Tolosakoa eta Orexakoa izan dira. Bonberenean urtarrilean jo behar genuen eta positibo bat tarteko, atzeratu egin behar izan genuen. Orexarako ere, apirilerako geneukan lotuta, eta beste taldekide bat gaixotu zitzaigun. Hemendik ere eskertu nahiko nieke beste data bat lotzeko eman diguten erraztasuna, badakigulako zenbat lan egiten den guztia koordinatzen eta antolatzen. Gainera, azken momentuko kontuak izaten dira, eta faena izaten da.

Bigarren aukera hori eman zaizue, gogo gehiagorekin zatozte?

Zorretan bezala sentitzen gara, beraz, gogoarekin joango gara bai. Jendeari gonbidapena luzatu nahi diogu kontzertuetara etortzeko, eta gure partetik behar bezala erantzuten saiatuko gara.

 

KONTZERTUAK

  • MAIATZAK 20, TOLOSA
    Bonberenea. 22:00etan, 8 euroren truke. Ramada Inn taldeak ere kontzertua eskainiko du.
  • EKAINAK 17, OREXA
    Orexako Ostatua. 22:00etan, doan, ostatuko ganbaran, Ostiral Kulturalak egitasmoaren barruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!