LABek greba deitu du maiatzaren 19an Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 10a, 10:45

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoera "jasanezina" dela esan du sindikatuak. Gaineratu du bost urte baino gehiago luzatu den gatazka honi COVID-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar zaiola. "Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoiliarrek merezi dutelako".

LABek greba deitu du Gipuzkoako adinekoen egoitzetan maiatzaren 19rako lan hitzarmena eta lan ratioak hobetzea eskatzeko. "Argi dago egoera hau zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela", azaldu du sindikatuak. Gaineratu du hau ez dela sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, gipuzkoar guztiei eragiten dien auzi soziala baizik, "kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa urratuak izaten ari direlako".

Azaldu du bi urteren ostean erabat blokeatuta zegoen negoziazio mahaia biltzea lortu dutela, eta gehitu du patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna dela mahaia berriro ez blokeatzea. "Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik haratago, proposamen zehatzak mahai gainean jarri beharko dira". LABen ustez borroka da bide bakarra eta herrialdeko lan hitzarmena eta ratioen hobekuntzak ezinbesteko baldintzak dira gatazka honi irtenbidea emateko. "Sektoreko langileek aurrera daramaten borroka nekaezin eta eredugarria babestu eta presio sozial zein sindikala biderkatzeko unea da. Horregatik, ezinbestekoa izango da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!