Jokin Altuna eta Erik Jaka sailkatu dira finalerdiak jokatzeko

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 10a, 10:19
Erik Jaka. FOKU

Altunak Zabaletari nagusitasunez irabazi dio eta Lasoren aurka jokatuko du; Jakak Artolari tanto batez irabazi dio eta Ezkurdia izango du aurkari finalera iristeko bidean.

Eskualdeko bi ordezkari izango dira buruz buruko txapelketaren finalerdietan. Jokin Altunak Zabaletaren aurka lortu du txartela, 22-5 irabazi ostean. Erik Jaka eta Iñaki Artolaren arteko partida oso borrokatua izan zen, eta azkenean lizartzarrak lortu zuen, tanto baten aldearekin, finalerdietara igarotzea.

Espero baino partida erosoagoa izan zuen Altuna III.ak Zabaletaren aurka. «Partida ez zen gogorra izan, eta ondo sentitu nintzen. Niri komeni zitzaidan irabazi eta paliza handirik ez lortzea, hori lortu genuen eta kontentu horrekin», esan du amezketarrak. Eskuin eskua ondo duela dio, baina ezkerra oraindik ez dagoela osatuta. «Lehengoan 30 pilotakada jo nituen ezkerrarekin, urrutitik oso gutxi, eta hori izan zen positiboa. Aste honetan ezin dut entrenatu ezkerrarekin, eta fisikoki prestatzen saiatuko naiz». Beste finalerdi batera iristeagatik «oso kontentu» dagoela gaineratu du.

Unai Lasoren aurka du finalerdia Altunak. Gaur jakingo da Laso asteburuan jokatzeko izango ote den. Rezustaren aurka zuen azken partida bertan behera utzi zuen lesio batengatik, eta gaurko pilota aukeraketan erabakiko du finalerdia jokatuko duen ala ez. Ezezkoa bada, bere ordezkoa Artola izango da. «Ez dakit Laso nola dagoen. Nik nahi dudana da bera ateratzea, berak merezi duelako», esan du Altunak. «Sekulako pilotaria da, bere kontra irabaztea oso garesti dago, eta espero dut larunbatean bere aurka jokatzea». Finalerdia Bizkaia frontoian izango da.

JAKA, BERRIRO ONENEN ARTEAN

2020an txapela jantzi ondoren, iazko buruz burukoa ezin izan zuen jokatu Jakak. Orain urte inguru perikarditisa izan zuen, eta buruz burukoa jokatzeari uko egin behar izan zion. Finalerdietara iristeaz «oso harro» dagoela esan du lizartzarrak: «Pasa ditudanak pasa eta gero, berriz ere onenen artean nago. Urtea kirol arloan gorabeheratsua izan da, eta azken bi hilabete hauetan nire jokoak gora egin duela iruditzen zait».

Igandean Artolari 22-21 irabazi zion, eta fisikoki oso gogorra izan zela dio. «Latz sufritu genuen, baina zorionez partida nire alde erori zen eta oso pozik», esan du Jakak. Artolak kantxan agindu zuenean partidatik ez zela atera gaineratu du lizartzarrak eta bere aukera izan zuenean aprobetxatu egin zuela, batez ere partidaren bukaeran.

Fisikoki paliza hartuta dagoela esateaz gain, eskuak «hala moduz» dituela esan du: «Hobeto izan ditut, okerrago ere bai. Orain astebeteko tartea dut gorputza eta eskuak ahal dudan ondoen osatzeko, eta igandean batere aitzakiarik gabe aurkeztuko naiz». Bere aurkaria, Ezkurdia, txapelketako azken bi partidak jokatu gabe iritsiko da. «Ni baino atseden gehiago izanik egongo da, baina niri azken garaipen honek konfiantza puntu bat eman behar dit». Eibarko Astelena frontoian jokatuko da Jaka eta Ezkurdiaren artekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!