Kortajarena eta Lizaso pultsularientzat dominak Espainiako Junior Txapelketan

Ataria 2022ko maiatzaren 6a

Jon Kepa Kortajarena eta Eki Lizaso pultsulariak.

Orain gutxi Madrilen Espainiako Junior Txapelketa jokatu zen eta Danok Danena halterofilia taldeko hiru pultsulari aritu ziren lehian.

61 kiloko kategorian, Jon Kepa Kortajarenak zilarrezko domina lortu zuen. 89 kiloko kategorian, Eki Lizasok zilarrezko bi domina eskuratu zituen, bi denboratan eta total olinpikoan, eta brontzezko domina arrankada modalitatean. Lizasok 17 urtez azpiko Gipuzkoako errekor berria ezarri zuen bi denborako modalitatean 142 kilo altxatuz. 89 kiloko kategorian ere lehiatu zen Xabier Amonarriz. Hiru urtez altxa gabe egon da, lesioak tarteko zirela, eta hiruetatik lan hoberena egin zuena bera izan bazen ere, dominarik gabe gelditu zen puntu bakar batengatik. Puntu horri esker hiru brontzezko domina eskuratu ahal izango zituen, eta pena izan zen lortu ez izana, baina horrela jarraituz gero, poz asko emango dizkigu", azaldu dute klubetik.
 
Absolutu mailako Euskadiko Txapelketa Olaederran
Larunbat honetan, maiatzak 7, Villabonako Olaederra kiroldegian, absolutu mailako Euskadiko Txapelketa izango da goiz eta arratsaldez; 10:30ean hasi eta 19:30ak inguru bukatuko da. Hauek dira Danok Danenatik altxatzen ariko diren pultsulariak: Susana Davila, Elena Mangas, Allyson Rivera, Naiara Madrid, Daniela Perez, Amaya Blanco, Ekaitz Kortajarena, Jon Kepa Kortajarena, Igor Sasiain, Ion Sasiain, Eki Lizaso, Jon Ander Iriarte eta Aitor Tecedor.
 
Guzti horiek jokoan izango dute dute Salamancan (Espainia) ekainak 11n jokatuko den absolutu mailako Espainiako  txapelketara joatea, eta bertara joateko txartela eskuratzen saiatuko dira oraingo honetan. "Ea ba lan txukuna egiten duten eta jendea gerturatzen den larunbatean goxotasuna eta animoak ematera", azaldu dute Danok Danena klubetik.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!