Altuna prest dago Zabaletaren aurka jokatzeko

Ataria 2022ko mai. 5a, 12:47

Altuna III.ak adierazpenak egin ditu Atano III.a frontoian, larunbateko partidarako prest dagoela esateko. ASPE

Pilotari amezketarrak proba egin du gaur Atano III.a frontoian eta larunbatean partida jokatzeko moduan dagoela esan du.

Eskuineko eskua minduta zuenez, buruz buruko ligaxkaren bigarren partida jokatzeari uko egin zion Altuna III.ak. Ezkurdiaren aurka zuen partida hori, eta larunbat honetan Atano III.a frontoian Zabaletaren aurkakoa jokatzeko moduan egongo ote zen zalantza zegoen. 45 minutuz aritu da proba egiten eta prest dagoela esan du amezketarrak: "Gustura sentitu naiz eta oso pozik nago. Orain dela bi aste ez nuen espero, baina borrokarako prest nago eta ilusio handiarekin larunbaterako".

Larunbatean jaialdia 17:00etan hasiko da, eta Altuna eta Zabaletaren artekoa bigarren partida izango da. Irabazten duenak Lasoren aurka jokatuko du finalerdia, maiatzaren 14an, larunbatean, Bizkaia frontoian.

Jaka eta Artola, igandean

Beste finalerdia zeinek jokatuko duen igandean erabakiko da, Jaka eta Artolaren arteko lehian. Bizkaia frontoian izango da partida hori, 17:00etan hasiko den jaialdiaren bigarren partidan. Irabazten duenak finalerdietan Ezkurdia izango du zain, eta partida hori maiatzaren 15ean, igandea, jokatuko da Eibarko Astelena pilotalekuan.

Buruz buruko ligaxkaren hirugarren jardunaldian jokatzekoak ziren beste bi partidak bertan behera geratu dira. Batetik, Laso eta Rezustaren artekoa, Lasok sorbaldan mina duelako. Bestetik, Ezkurdia eta Darioren artekoa, azken horrek eskuetako minez amaitu zuelako Zabaletaren aurkako partida.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!