Hitzarmen "duin" bat eskatu du papergintza sektoreak

Ataria 2022ko maiatzaren 5a

ELA eta LAB sindikatuek deituta elkarretaratzea egin dute Tolosan papergintzaren hitzarmenaren harira.

Gipuzkoako papergintza sektorearen hitzarmena ari dira negoziatzen urtarriletik, eta Adegi patronalak mahai gainean duen proposamena "gutxiegi" iruditzen zaielako elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloa plazan ELA eta LAB sindikatuek deituta.

ELA sindikatuko ordezkari Beñar Azaldegik esan duenez, sektorearen egoera ona da: "Azken hiru urteak lanari eta etekinari dagokionean oso onak izan dira, eta negoziatu nahi dugun hitzarmena horren ispilu izatea nahi dugu". Adegiren proposamena lau urterako hitzarmena dela adierazi du; "%6ko soldata igoera proposatzen dute, datozen urteetarako KPIaren araberakoa, Geroaren aportazioetan 0,2ko igoera eskaini dute eta azken urteetan hain garrantzitsua izan den errelebu kontratua ezabatu nahi dute". Hori dela eta, proposamena "gutxiegi" iruditzen zaie.

LAB sindikatuko Joana Mendezek esan duenez, lau bilera egin dituzte patronalarekin eta irabaziak izan arren egin duten proposamenean gauza asko daude hobetu daitezkeenak: "Papergintza sektoreko enpresek hori egiteko gaitasuna dute, eta eskatzen dugu eduki gehiago jartzeko mahai gainean eta benetako negoziazio bat hasteko". Datorren astean dute bilera berri bat eta patronalaren jarreraren arabera erabaki bat hartuko dutela azaldu du. "Hitzarmen duin bat sinatzeko prest ez badago mugiarazi beharko dugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!