Eskualdeko bost bertsolarik hartuko dute parte Txapelketa Nagusian

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 3a, 10:10

Aitor Mendiluzek, Oihana Iguaranek, Beñat Iguaranek, Unai Mendizabalek eta Haritz Mujikak eman dute izena irailaren 24an abiatuko den Txapelketa Nagusian.

2022ko udazkenean izango da Bertsolari Txapelketa Nagusia eta Tolosaldeko bost bertsolarik hartuko dute parte bertan: Aitor Mendiluze irurarrak, Oihana Iguaran eta Beñat Iguaran amasarrek, Unai Mendizabal zizurkildarrak eta Haritz Mujika asteasuarrak. Mendiluze 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunorde izan zen, eta beraz, zuzeneko sailkapena lortu zuen aurtengo txapelketara. 

2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketatik sailkatutako 16 bertsolarik zuten Txapelketa Nagusian izen emateko aukera, horien artean Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek. Biek eman dute izena txapelketan. Gipuzkoatik izen emateko eskubide hori zuten hiru bertsolarik ezezkoa esan dute, hain zuzen, Beñat Lizasok, Jon Maiak eta Jokin Urangak.  Honenbestez, sailkapeneko hurrenkerari jarraituta, izena emateko aukera eman zaie hurrengo sailkatuei eta Haritz Mujikak eta Beñat Iguaranek lortu dute plaza, Maialen Akizurekin batera.

Udazkenean abiatuko da

Arabatik zein bertsolari sailkatuko diren jakitearen faltan, gaur argitaratu du Bertsozale Elkarteak txapelketako parte hartzaileen behin behineko zerrenda. Oraingoz, 40 bertsolarik osatzen dute. 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia ekainaren 22an aurkeztuko dute eta irailaren 24an abiatuko da Getxon.

2005etik finalak Barakaldoko BECen egin eta gero, tokiz aldatuko da aurten. Finala egiteko baldintzak dituela aztertuta, Iruñeko Nafarroa Arenak hartuko du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala abenduaren 18an. Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, bertsolaritzaren eta euskararen lurralde osoan eragitea du helburu eta asmo horrekin bat egiten du leku aldaketak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!