Jakak eta Artolak finalerdietarako postu bat jokatuko dute elkarren aurka

Ataria 2022ko mai. 2a, 16:59

IƱaki Artola, Lasoren aurkako buruz buruko txapelketaren partidan, lehen jardunaldian.

Jakak Lasoren aurka galdu zuen eta Artolak Rezustari irabazi zion. Asteburuan jokatuko den bien arteko neurketaren irabazlea pasako da finalerdietara. Bitartean, Altunari biharko partidan Zabaletak Dariori irabaztea komeni zaio.

Buruz buruko pilota txapelketak osatu du ia final-laurdenetako bigarren jardunaldia, eta dagoeneko hainbat kontu argitzen ari dira. Eskualdeko pilotariei dagokionez, B multzoan finalerdietan horietako bat izango da. Hirugarren jardunaldian Jakak eta Artolak hil ala bizikoa jokatuko dute: irabazleak aurrera egingo du eta galtzailea kanpo geratuko da. Biek dute une honetan puntu bana. Jakak asteburuan 22-5 galdu zuen Lasoren aurka eta Artolak 13-22 irabazi zion Rezustari. B multzoan finalerdietan dagoena Laso da, eta gainera lehen postuan pasako da.

A multzoan, Altunak uko egin zion asteburuan Ezkurdiaren aurka jokatzeari, eskuetako minez zegoelako. Hori horrela, 0-22 eman diote galdutzat partida hori, araudiak horrela zehaztuta baitu. Markagailu horrek eragin handia izan dezake txapelketan. Hala ere, lehenbizi Zabaleta eta Darioren artean bihar jokatuko den partidari begiratu beharko zaio. Amezketarrari Zabaletak irabaztea komeni zaio; horrela, hirugarren jardunaldian bere aurkako partida irabazita finalerdietan egongo litzateke. Biharko neurketa Dariok irabazten badu, finalerdietara pasatzea ez litzateke Altunaren esku egongo; kasu horretan, hirugarren jardunaldian Ezkurdiak Darioren aurka derrigorrez irabazi beharko luke amezketarrak aurrera egiteko aukera izateko. Hori bai, finalerdietara pasatzen bada, Altuna bere multzoko bigarren bezala pasako litzateke, eta Lasoren aurkako jokatuko luke partida erabakigarria. Hala ere, kalkulu hauek guztiek gutxi balioko dute Altunak ez badu hirugarren jardunaldian jokatzeko modurik izaten. Ostegunean proba egingo du amezketarrak, ikusteko eskuak nola dituen, eta orduan erabakiko du txapelketan jarraituko duen ala ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!