Zazpigarren aldiz ospatu dute gaur goizean Lanbide Heziketa Azoka. Eskualdean dauden Lanbide Heziketako bost ikastetxek hartu dute parte, bakoitzak bere postua jarriz. Besteak beste, Zizurkilgo Fraisoro Eskola LHII, eta Tolosako Peñascal Kooperatiba, Tolosaldea LHII, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola eta Don Bosco LHII izan dira Tolosako Trianguloan presentzia izan dutenak.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergo garaian dauden ikasleei zuzendutako azoka izan da, Amaia Karrera batzorde antolatzaileko kideak azaldu modura, "ikasketa ibilbidea erabaki behar duten horiei informazioa zuzenean emateko". Ikastetxe bakoitzak postu bana jarri du, eta irakasle zein ikasle, beraien ikastetxeetan egiten dutenaz informatzen aritu dira goiz osoan zehar. Horrela, eskualdean Lanbide Heziketa egiteko dauden aukera ezberdinak gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan dute gerturatu direnek.
Unibertsitatera joan edo Lanbide Heziketako zikloren bat egiteko zalantzan denari argibideak ematen aritu dira. Era berean, Lanbide Heziketak duen prestigioa nabarmendu nahi izan dute ikastetxe guztiek. "Lanbide Heziketa ahaztua egon da, baina egin du bere ibilbidea eta ikusi da emaitzak onak direla", esan dute.