Gustura itzuli dira igerilariak Espainiako Txapelketatik

Imanol Garcia Landa 2022ko api. 28a, 19:59

Espainiako Txapelketara joan diren Tolosaldea IKTko igerilariak.

Tolosaldea IKTko hamar igerilari izan dira absolutu eta junior mailako Espainiako Txapelketan, inoizko kopururik handiena klubarentzat.

Tolosaldea IKT igeriketa taldeak balantze oso ona egin du Aste Santuan parte hartu zuen Espainiako Txapelketan lortutakoaren inguruan. Open mailako txapelketa izan zen, Espainiako Federaziotik kanpoko igerilarien parte hartzearekin, eta absolutu eta junior kategorietan jokatu zen. Hamar igerilari joan dira taldetik txapelketara, orain arteko kopururik altuena. «Berez beste igerilari batek ere gutxienekoa bazuen parte hartzeko, baina azkenean ezin izan du joan», esan du Joseba Zubeldia entrenatzaileak. «Aurretik lau igerilari baino gehiago ez ziren joan txapelketa horretara, beraz, pozik egoteko datua da».

Orokorrean «oso gustura» daude lortutakoaz, Zubeldiak adierazi duenez: «Lehen aldiz A finalean taldeko igerilari batek parte hartu du, eta junior mailan mutilek hiru erreleboetan parte hartu zuten eta denetan finaletako postuetan sailkatu ziren». Absolutu mailako Eneko Garmendia, Maddi Barriola eta Eneko Barriola igerilariek parte hartu zuten. «Maila txukuna eman zuten, eta beraien marketan ibili ziren, batzuetan marka hobetuz», azaldu du Zubeldiak. Nahia Garrido, infantil mailakoa izan arren, absolutu mailan aritu zen, eta 100 metro bizkar estiloan seigarren postua, 200 metro bizkarrean zazpigarrena eta 50 metro bizkarrean 13. egin zuen. Ez zuen lortu junior mailako Europako Txapelketara joateko gutxienekoa, baina uztailean Europako Gazteen Olinpiar Jaialdira joango da, bere adineko Europako Txapelketa modukoa. Lehiaketa horretara Joseba Zubeldia bera entrenatzaile bezala ere joango da, Espainiako Federazioak gonbidatuta.

Junior kategorian Naia Sarasola, Markel Garmendia, Unai Zubeldia, Joanes Ruiz, Enaitz Goñi eta Igor Arrigain aritu ziren, eta bakoitzak bere adinean postu onak lortu zituen. Neguko denboraldian berez ez dira kontuan hartzen adinkako sailkapenak, baina bai udakoan. Adinkako sailkapena kontuan hartuta, Sarasola laugarren izan zen 100 metro libreetan, 100 metro bizkarrean zortzigarren eta 100 tximeletan seigarren; Garmendiak bosgarren postua lortu zuen 100 metro tximeletan; Zubeldia zazpigarren izan zen 100 metro bizkarrean (erreleboetan egindako markarekin bosgarrena izango litzateke); Ruizek hamargarren postua lortu zuen bere lehenengo parte hartzean; Goñi 1.500 eta 800 metro libreetan finaletan sartu zen, eta 200 libreetan 1.56 egin zuen, klubeko marka; Arrigainek 100 eta 200 metro bular egin zituen, bere denbora onenak eginez. Mutilen erreleboen laukoak 4x100 libreetan zazpigarren, eta 4x200 libreetan zein 4x100 estiloetan seigarren egin zuen. "Balio gehien ematen dioguna 4x200 metrokoa da, 7.52 egin baitzuten, eta Tolosaldea inoiz zortzi minututik jaitsi gabea zen", esan du entrenatzaileak. "4x100 metro estiloetan ilusioa genuen dominetatik gertu ibiltzeko. Ibili ginen denbora aldetik, baina azkenean seigarren postua lortu genuen".

Txapelketa horrekin neguko denboraldiari amaiera eman diote, eta dagoeneko Tolosaldea IKTko igerilariak buru-belarri daude udako denboraldian murgilduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!