Baimenik gabeko desbrozeak egin direla Aralarren baieztatu du fiskaltzak

Ataria 2022ko api. 28a, 12:56

Aralarko giza jardueren gaineko kontrol "askoz handiagoa ekarriko duten neurriak" har ditzatela eskatu dute Eguzki eta Landarlan elkarte ekologistek.

Eguzki eta Landarlan elkarte ekologistek Ingurumen Fiskaltzan salatu zuten irailaren amaiera eta urriaren hasiera bitartean oteak eta txilarrak —ustez baimenik gabe— moztu zituztela ezezagun batzuek, Enirio inguruan, Aralarko Parke Naturalean eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuan. 20 hektarea hartzen dituen babestutako eremuan moztu zituztela salatu zuten talde ekologistek.

Bada, salaketa horren artxiboa gauzatu du berriki fiskaltzak, aztertutako habitatak kalterik ez duela jasan argudiatuz. Eguzkik eta Landarlanek diote habitat bakarra aztertu dutela, salaketan beste bost habitat gehiago sartu arren. Gainera, higadura-arriskurik edo lurzoru-galerarik ez dela sumatzen esaten du fiskaltzak. "Ez gatoz bat, inondik ere, artxibo horrekin, babes berezia duen eremu batean espezieak eta lurzorua kaltetu zirela uste baitugu", esan dute. Elkarteek ondorioztatu dute Ertzaintzak egindako ikerketa "ez zela osoa ezta nahikoa" izan; "berriro ere Ertzaintzaren brigada horrentzat giza baliabide zein baliabide material gehiago eskatzen dugu, bereziki konplexuak diren delitu horien aurrean ikerketak behar den kalitatez egin ditzaten".

Bestalde, fiskaltzak baieztatu du, desbroze horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Habitaten Kudeaketa Zerbitzuaren baimenik gabe egin zirela, eta hori arau-hauste administratiboa dela. "Hori guztia oso delitu larria da, eta Aralarko Parke Naturaleko kudeatzailea den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, kontrol falta adierazten du", adierazi dute.

Horrez gain, Enirio-Aralarko Mankomunitatea, lurraren jabe den heinean "kontrol ezaren arduraduna" ere badela gaineratu dute. Era berean, fiskaltzaren baieztapenean oinarrituta, administrazio-delitu bat badagoela, bi erakundeei eskatzen diete argitu dezatela salaketa eta/edo eginbideren bat izapidetu duten.

"Ekintza horiek berriro elkarte ekologistok salatu behar izan ditugu, eta aldundiak nahiz mankomunitateak ez dute jendaurreko salaketarik egin", esan dute. Hala, bi erakundeei eskatzen diete Aralarko giza jardueren gaineko kontrol "askoz handiagoa ekarriko duten neurriak" har ditzatela ahalik eta lasterren, baita desbrozatutako eremua aziendaren erabilerarako ixtea ere, erabakitako ekintzen eta arrazoien berri jendaurrean azalduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!