Kooperatibaren estatutuak lantzeko bilera egingo du Lurtarok

Ataria 2022ko apirilaren 28a

Maiatzaren 14an, 10:30ean, Mikelasagasti auditorioan bilera egingo dute eskualdeko herritarrekin.

Lurtaro elkartea kooperatiba bihurtzeko fasean sartu da. Kooperatiba horren estatutuak lantzeko eta iritziak partekatzeko bilera ireki bat egingo dute maiatzaren 14an, 10:30ean, Anoetako Mikelasagasti auditorioan. Bileraren amaieran, tokiko produktuez osatutako mokadutxoa eskainiko diete parte hartzaileei.

Azken hilabeteetan, kooperatiba horren estatutuen proposamena zehazten aritu dira talde motorrean eta gainerako herritarrekin partekatu nahi dute orain arte egindako bidea. "Lurtaro ernaltzera goaz, eta zu bidelagun izan zaitezen nahi dugu", esan dute Lurtaroko kideek. Maiatzaren 14ko hitzordura gerturatzeko deia egin diete herritarrei.

Webgunea martxan

Lurtarori buruzko informazioa biltzeko webgunea jarri du martxan elkarteak, eta bertan, proiektuaren oinarriak eta helburuak nahiz bazkide egiteko formularioak topatu daitezke. Webgune berria bisitatu eta zalantzarik edo iradokizunik izanez gero, lurtaro@komunikazioa.eus helbidera idazteko gonbidapena luzatu diete herritarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!