Baliarrainek irabazi du KlimaBai lehiaketako sari nagusia

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 28a, 11:59

Gipuzkoako hamalau udalerrik hartu dute parte, klima aldaketari aurre egiteko erronkak gauzatuz; Baliarrainen atzetik, eskualdeko beste bi herri sailkatu dira: Orexa izan da bigarren, eta Larraul hirugarren.

Pasa den urriaren 14an, Gipuzkoako udalei zuzendutako KlimaBai lehiaketa jarri zuen martxan Aldundiko Ingurumen Departamenduak. Udalen bitartez, herritarrek hartu dute parte, klima aldaketari aurre egiteko erronkak gauzatuz. Guztira, hamalau udalerrik eman zuten izena, eta Tolosaldeko hiru herri sailkatu dira lehen hiru postuetan: Baliarrain, Orexa eta Larraul. Horrela, 40.000, 20.000 eta 10.000 euroko sariak jaso dituzte, hurrenez hurren, herri horietako alkateek. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak banatu zituen sariak, atzo, Tolosako Topic-en egin zen ekitaldian; Asensiok, lehiaketan parte hartu duten herritar eta udalak zoriondu zituen: «Hilabete hauetan egunerokotasunean aldaketa jasangarri txikiak sartzeko konpromisoa hartu duzue, eta urrats handia da klima aldaketaren aurkako borrokan».

Hamalau udalerriez gain, 420 etxek baino gehiagok eman zuten izena lehiaketan, hau da, mila herritarretik gora izan dira parte hartu dutenak. «Oso arrakastatsua izan da bost hilabetez beren eguneroko praktikak nola eralda ditzaketen hausnartzen aritu izana, klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta guztiontzat lurralde jasangarriago bat eraikitzeko ohitura bihurtzeko», azpimarratu zuen diputatuak. Gainera, nabarmendu du klima aldaketaren aurkako borroka «herritar guztioi» dagokigula, eta herritarren parte hartzea eta erakundeen arteko lankidetza «funtsezkoak» direla: «Gizarte gisa berotze globalaren aurrean dugun erantzuna erabakitzen dute, eta lehiaketa hau eredugarria izan da alderdi horretan». 

Eskualdeko hiru udalak saritzeaz gain, horietako zenbait herritar ere saritu ditu Ingurumen Departamenduak. Baliarrainen kasuan, Bixente Zubeldia, Joseba Andoni Olaberria, Garazi Urkiola eta Jaione Olano izan dira sarituak. Orexan, berriz, Aiora Sorozabal, Xari Iturrioz, Jaume Daumal eta Pello Garmendia. Eta Larraulen, Miren Amonarriz, Arrate Iturbe, Olivia Sanchez eta Goretti Amonarriz. 300 euroko balioa duen bonu bana jaso dute saritutako herritarrek, tokiko kontsumorako; batzuen bonua arropa jasangarria erosteko da. Gainera, 1.000 puntutik gora lortu dituzten etxebizitzen arteko zozketan, Alkizako Ixiar Irulegi, Andoaingo Ascension Parron eta Arrasateko Malaika Ihsnaullah izan dira sarituak, bonu banarekin.

Zazpi ekintza-esparru

Lehiaketa app baten bidez egin da, dagokion web bertsioarekin, eta erronka batzuk gainditu behar izan dituzte partaideek, zazpi ekintza-esparruetako bakoitzari buruz: mugikortasun jasangarria, energia, hondakinak, elikadura, biodibertsitatea, ehunak eta ura. Mugikortasun jasangarria eta energia izan dira parte hartze handiena izan duten esparruak.

Mugikortasun jasangarriari buruzko eduki-multzoan, batez ere, erronka bateko parte hartzea nabarmendu da. Erronka horretan, herritarrak gai baten inguruan hausnartzera animatu zituzten: batetik bestera joateko zenbat energia behar den, eta horrek CO2 isurietan zer ondorio dituen. Horretarako, kalkulagailu bat erabiltzea proposatzen zuen lehiaketak, errekuntzako ibilgailu batean eta ibilgailu elektriko batean egindako desplazamenduen kontsumoak eta isuriak kalkulatzeko eta alderatzeko. «Garraioa da Gipuzkoan berotegi-efektuko gasen igorle nagusia, eta ekintza horrek izan duen harrera onak erakusten du herritarrak kontzientziatuta daudela mugikortasunaren alternatiba berriak eta gutxiago kutsatzen duten mugitzeko aukerak aurkitzeko», nabarmendu du Asensiok.

Bestetik, energiaren arloan, energia kontsumoak murrizteko keinu esanguratsu bat egitea eskatzen zuten erronketan parte hartzea handia izan dela nabarmendu du, hala nola, LED bonbillak erabiltzea, hotzean garbitzea edo berogailuaren tenperatura behar bezala doitzea. Elikaduraren esparruan, sasoiko produktuen kontsumoarekin lotutako erronkek errekonozimendua izan dute. «Horri esker, sasoian landutako elikagaien aldeko apustua egitearen inguruan sentsibilizatzea lortu dugu, sasoiz kanpoko produktuak ekartzeko beharrezkoa den garraioarekin eta banaketarekin lotutako emisioak murrizteko eta, gainera, tokiko ekonomia sustatzeko», esan du diputatuak.

Era berean, Asensiok adierazi duenez, «harrera oso ona» izan du Gipuzkoako moda-marka jasangarriak ezagutzera emateak, kontsumo alternatiba gisa, modaren sektorean eta horrek berekin dakarren guztia (oso kutsatzaileak diren prozesuak, lan esplotazioa, kontsumo handia eta ehun-hondakinek eta horien ekoizpenak ingurumenean duten eragina) aldatzeko beharrari erantzuten diona.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!