'Ibilian' martxarako bi deialdi egin ditu Sarek, maiatzaren 7rako

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 27a, 20:02

Eskualdetik zutabeak abiatuko dira, Tolosan bildu eta handik kalejira egiteko; Aiztondoko herritarrei, berriz, Orioko Saretze Egunean parte hartzeko deia luzatu diete.

Izan Bidea dinamikari amaiera emango dio Sare herritarrak Donostian datorren urriaren 8an, eta 3.127.326 kilometro osatzeko erronkan aurrerapausoa emateko, Etxerako bidea gertu lelopean ekimenak antolatu ditu maiatzaren 7rako. Tolosan izango da hitzorduetako bat eta Anoeta, Ibarra, Lizartza,Txarama eta Alegiatik zutabeak abiatuko dira bertara; beste hitzordua, berriz, Orion egingo dute eta bertan Aiztondoko herritarrak bilduko dira .

Azken bi urteak «garrantzitsuak» izaten ari dira Sare herritarraren ustez, euskal presoen egoerari eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean. Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela uste du presoen eskubideen aldeko ekimenak, eta honekin batera aldarrikatu du salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera salto egiteko unea dela. «Aldaketa honek, ordea, kontrako jarrerak ere hauspotu ditu, eta badira oraindik ere etxerako bidean oztopo izaten ari diren gertaerak».

Dena den, euskal presoei legedi arrunta bere osotasunean ezarri dakien, Euskal Herriko kaleak aldarriz betetzen jarraitzeko deia egin die Sarek herritarrei. «Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean egin ditzagun kilometroak guztion artean».

Tolosako Plaza Zaharretik, kalejira bat abiatuko da maiatzaren 7an, 12:00etan. Bertan jendea biltzeko, Alegiatik 10:30ean, Anoetatik 11:00etan, Lizartza eta Txarama aldetik 11:15ean eta Ibarratik 11:30ean zutabeak abiatuko dira. «Tolosaldea ibilian ikusi nahi dugu, etxerako bidearen alde», esan dute Saretik.

Bestalde, Aiztondoko bailarako herritarrei beste hitzordu baterako deia luzatu diete maiatzaren 7an. Saretze Eguna egingo dute Orion. Bertara abiatzeko 08:30ean abiatuko dira zutabeak Amasa-Villabonako Berdura plazatik, Asteasuko plazatik eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik eta 08:45ean Adunako plazatik. Ondoren, 13:30ean Orioko plazan ekitaldia egingo dute eta 14:00eta bazkaria. Arratsaldean, 17:30ean, Distopia elektrotxarangaren emanaldia, jokoak eta haurrentzat txokoa izango dira. Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilera buelta egiteko Oriotik autobusak abiatuko dira 20:00etan.

ETXERAKO BIDEA GERTU
  • Tolosa
    • 10:30. Alegiatik zutabea.
    • 11:00. Anoetatik zutabea.
    • 11:15. Lizartza-Txaramatik zutabea.
    • 11:30. Ibarratik zutabea.
    • 12:00. Tolosako Plaza Zaharretik abiatuta kalejira.

  • Orio
    • 08:30. Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo plazetatik zutabeak.
    • 08:45. Adunatik zutabea.
    • 13:30. Ekitaldia Orioko plazan.
    • 14:00. Bazkaria.
    • 17:30. Distopia elektrotxaranga, jokoak eta haurrentzako txokoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!