Herri Urratsera joateko autobusak antolatu dituzte

Ataria 2022ko api. 27a, 11:58

Herri Urrats festa izango da maiatzaren 8an, eta eskualdetik autobusak antolatzen ari dira; Baliarrain eta Ikaztegietako udalek autobus bat antolatu dute baita Galtzaundi euskara taldeak ere. Eskualdeko euskara taldeak, bestalde, Kontseiluak maiatzaren 7rako deitu duen manifestaziora joateko autobusa antolatu du.

Galtzaundi Euskara Taldeak antolatutako autobusak Alegia, Anoeta, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkildik aterako dira eta 13 euro ordaindu behar dira (Galtzaundikideek eta Atarikideek 11 euro). Maiatzak 5 da izena emateko azken eguna. Izena honako lekuetan eman behar da: Alegiako kultur etxean, Anoetako ikastolan, Irurako ikastolan, Tolosako Galtzaundiren egoitzan, Villabonako Zubimusu ikastolan eta Zizurkilgo Ernio bidea 9ko udal bulegoetan.  Autobusa 19:30ean aterako da Senperetik, Tolosaldera itzultzeko.

Irteera orduak:
  • Alegia: 09:30ean Ferreteriko geltokitik.
  • Tolosa: 09:35, zezen plazatik.
  • Anoeta: 09:40, Apaetxe baserritik.
  • Irura: 09:45, ikastolatik.
  • Villabona: 09:50, eliza aurreko geltokitik.
  • Zizurkil: 09:55, Joxe Arregi plazatik.

Bestalde, Baliarrain eta Ikaztegietako udalek bat egin dute Herri Urrats festara joateko autobusa antolatzeko. Baliarraindik 09:00etan abiatuko da autobusa, eta 09:15ean, Ikaztegietan izango da. Herri Urratsera autobusez joan nahi dutenek izena Baliarraingo Zartagin edo Ikaztegietako Ostatuan eman beharko dute, eta pertsona bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du. Itzulera ordua 18:30ean jarri dute.

Herri Urratsera joateko autobusa antolatzearekin batera, Kontseiluak maiatzaren 7an Iruñean egingo den manifestaziora joateko autobusa antolatu du Galtzaundik. Manifestazioa 17.30ean hasiko da Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat! lelopean, eta eskualdeko autobusa 16:00etan aterako da Tolosako zezen plazatik, eta ondoren Villabonako elizan egingo du geldialdia. Tolosako Galtzaundiren egoitzan edo Villabonako Amasa kafetegian eman daiteke izena. Galtzaundikideek 11 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 13 euro, eta maiatzak 5 da izena emateko azken eguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!