Grafikagintza sektoreak negoziaketei ekin die berriro

Ataria 2022ko api. 27a, 14:58

Aurreko hitzarmena 2021 urtea amaitu arte egon zen indarrean; atzo, egoera salatzeko, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean elkartu ziren sektoreko ordezkariak, hitzarmen duin bat aldarrikatzeko helburuarekin.

Gipuzkoako grafikagintza sektoreko langileek hitzarmen berria sinatzeko negoziaketei ekin die berriro; izan ere, iazko urtea bukatzearekin batera amaitu zen aurreko hitzarmenaren indarraldia. Tolosaldeko langileak ere mobilizatu dira; pisu handia du sektoreak eskualdean, enpresa ugari baitaude. "Negoziaketak urte hasieran hasi bagenituen ere, argi dugu Adegik hitzarmenaren negoziaketak luzatu nahi dituela", adierazi dute. "Otsailaren 15ean sindikatuek gure plataformak aurkeztu genizkien, eta geroztik, ez dugu eskaintzarik jaso Adegiren aldetik", gaineratu dute.

Atzo, egoera salatzeko eta mahaiko bilera zegoela baliatuz, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean elkartu ziren sektoreko ordezkariak, hitzarmen duin bat aldarrikatzeko helburuarekin. Elkarretaratzearen ondoren, bilera berri bat burutu zuten, eta zenbait ondorio atera zituzten: "Batetik, Adegik sektoreko langileen eros ahalmena txikitu nahi du; ez du inongo eskaintza ekonomikorik egiten. Bestetik, erreformak berak aldatzen dituen puntuak jarri ditu mahai gainean, beraz, kontratazioaren inguruan legeak dioena okertu nahi du". Sektoreko langileak ez daude prest hori onartzeko: "Maiatzaren 12an burutuko den bilera berrira proposamen duin bat ekartzeko exijitzen diogu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!