Osasun publikoaren afera

Asuncion Klinika publifikatzeko eskatu du TOPAk

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 27a, 15:00

Plataformak uste du erresoluzio handiko zentro bat "motz" geratuko litzatekeela eta horrelako zentro bati uko egin gabe, klinikaren publifikazioa eskatu du, pazienteek kalitate publikoko arreta bat jaso ahal izan dezaten. Modu horretara Asuncioneko langileen egoera ere konpondu daitekeela uste du TOPAk.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak Asuncion Klinikaren publifikazioa eta erresoluzio handiko zentro bat eskatu ditu Tolosaldearentzat. «Baldin eta ez bada egiten ospitale publiko bat, biztanle kopuru aldetik antzekoak diren eskualdeek dutena bezalakoa. Hori da gure proposamena Tolosaldean osasun arretarekin dauzkagun arazoak konpontzeko». Egungo klinika publifikatu eta osasungintzako sare publikoko parte bihurtuta bi arazo konponduko liratekeela uste dute TOPAko kideek: batetik, pazienteek kalitate publikoko arreta jaso ahal izatea; eta bestetik, klinikako langileek euren lanpostua mantendu ahal izatea. «Borondate politikoa behar da, arazoa konpondu nahi izatea, hori da kontua», esan dute Zerkausian egindako agerraldi publikoan.

Plataformak askotan aldarrikatu dutenari eutsi dio: Erresoluzio handiko zentro batek konpontzen ez dituen osasun arazoak dituzten pazienteak ingresatu daitezen, Tolosaldeak ospitale publiko bat behar du». Eskuartean duen informazioaren berri eman du TOPAk eta esan du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren asmoa eskualdean erresoluzio handiko zentro bat egitea dela. Azpiegitura hori «interesgarritzat» jo dute plataformako kideek, baina helburuei begira «motz» geratzen dela uste dute. «Ez da gure antzeko tamaina duten gainerako eskualdeetan dauzkaten eskualde mailako ospitale bat».

Tolosaldeko paziente publikoei osasun arreta eskaintzen dozena bat urte daramatza Asuncion Klinikak, Osasun Sailaren eta Invizaren arteko hitzarmenari esker. TOPAk «polemiko» bezala izendatu du hitzarmena eta urteotan guztiotan «arazo» asko sortu dituela esan du. «Dena den, bertako langileak izan dira arretaren mailari eutsi diotenak; horietako batzuk 35 urte baino gehiago daramatzate gaixo publikoak zaintzen». Langile horien etorkizunarekin kezkatuta egin du publifikazioaren proposamena plataformak: «Erresoluzio handiko zentroa egingo balitz eta Osasun Sailak ez balu berrituko klinikarekin duen hitzarmena, Asuncionek ezingo du bere kasa iraun. Ezinbestekoak ditu, adibidez, aurten jasoko dituen 24 milioi euroak edo datorren urtean jasoko dituen 25 milioiak. Klinikaren diru sarreren %95a suposatzen dute».

Honenbestez, egoerari irtenbidea emateko Asuncion Klinika osasungintzako sare publikoko parte bihurtzea proposatu du TOPAk eta esan du aurretik ere Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak erabili izan duela konponbide hori, esate baterako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale probintzialetako langileen integrazioan, psikiatrikoetan, Debagoieneko ospitale zaharrean edota Barakaldoko San Eloy ospitalean. Plataformako kideek esan dutenez, beste erkidego batzuetan ere erabili izan dute formula, adibidez, Valentziako erkidegoan, «pribatizazioaren bidea hartu zuten ospitale guztiak publifikazioaren bidera itzuli dira».

Soluzio mota hauei modu askotara deitu izan zaiola aipatu dute TOPAko kideek. «Langile subrogatuak, desegin beharreko pertsonala eta bestelako izenak erabili izan dira, baina edonola ere, ezaugarri nagusi bat du, ospitale pribatuetan aldi batean kontzertatutako osasun zentro hauetan lanean aritu diren langileek, zentro horiek publifikatzerakoan, ez dute oposiziorik egin behar izaten». Plataformako kideek baieztatu dute Europar Batasuneko Justizia Auzitegiek emandako ebazpenek berresten dutela hori, eta subrogatutako langileek euren lanpostuetan lanean jarraitzeko eskubidea dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!