Zazpigarren aldiz ospatuko dute ostiralean Lanbide Heziketa Azoka, Tolosako Trianguloa plazan. 09:00etan zabalduko ditu ateak, eta 14:00ak arte era guztietako postuak bisitatzeko aukera izango dute eskualdeko ikastetxeetatik bertaratuko diren ikasleek. Postu horietan, eskualdean dauden Lanbide Heziketako bost ikastetxeen eskaintza ezagutuko dute: Zizurkilgo Fraisoro Eskola LHII, eta Tolosako Peñascal Kooperatiba, Tolosaldea LHII, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola eta Don Bosco LHII.
Lanbide Heziketaren formakuntza eskaintzan interesa izan dezaketen ikasleei zuzenduta egon ohi da azoka, eta aurten ere hala izango da; guztira, 400 ikasle inguru gerturatuko dira. «Batez ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa amaitu berri duten ikasleei zuzenduta dago. Askok zalantzak izaten dituzte unibertsitate-ikasketak edo Lanbide Heziketako zikloren bat egin aukeratzerakoan, eta beraz, horrelako aukera eskaintzea oso aberasgarria da», azaldu dute antolatzaileek. Ametsa sortuz, etorkizuna eraiki da ostiraleko azokarako aukeratu duten leloa.
2020an ezin izan zuten azoka antolatu, eta iaz berrartu zuten; gainera, egitura aldatu zuten. Ordura arte, larunbatean ere egiten zuten azoka, herritarrei eskaintzaren berri emateko, baina iaz, egun bakarrera mugatu zuten, eta gauza bera egingo dute aurten. «Oso eraginkorra izan zela ondorioztatu genuen, eta mantentzea erabaki dugu. Aurten ere ordubeteko txanda izango du ikastetxe bakoitzeko ikasle multzoak postu guztiak bisitatzeko. Ikasleren batek posturen bat berriro bisitatzeko interes handia izanez gero, horretarako aukera izango du», esan dute.
Noizbait, larunbateko egitaraua berreskuratzea ere espero dute antolatzaileek, argi dutelako Lanbide Heziketaren esparrua «zabala» dela. «Enpresekin eta beste eragile batzuekin harremanak izateko aukera ematen du azokak».
Bertatik bertara
Eskualdeko institutuek ate irekien jardunaldiak antolatu ohi dituzte urtean zehar, aurrerago bertako zikloak burutzeko interesa izan dezaketen ikasleentzat. Hala ere, eskaintza horrekin kalera jaisteak «oihartzun handiagoa» hartzen duela aitortu dute: «Ikuspegi panoramikoa izaten du, ez delako soilik ikastetxeak zer eskaintzen duen, baizik eta zer den Tolosaldeak ikasleentzat duen eskaintza».
Eskualdeko Lanbide Heziketa ikastetxeetako ordezkarien ustez, ikasle askok, derrigorrezko ikasketak amaitu eta ikasten jarraitu nahi dutenean, herritik edo eskualdetik kanpo zuzentzen dute begirada. «Eskualdean bertan ere badira ikastetxeak, eta horiek ere badute eskaintza bat, kalitatezkoa eta askotarikoa. Akaso, azkenean kanpora joatea erabakiko dute, baina behintzat izan dezatela bertako eskaintzaren berri, eta ezagutu dezatela».
Gaur egungo ikasleen eta etorkizunekoen arteko elkargune izaten da azoka. Azalpenak trukatzen dituzte, irakasleen laguntzarekin. «Zuzenagoa izaten da mezua, eta konplizitate desberdin batekin hartzen dute azalpena. Etorkizunean gure ikasle izan daitezkeen horiek, gainera, galderak egiteko aukera izaten dute, informatzeko duten beharra ase dezaten», adierazi dute.
Erronka berriak
Eskualdeko bost ikastetxeek elkarlanean antolatzen dute azoka. Horietako ordezkariek azpimarratu dutenez, «oso garrantzitsua» da ideia hori. «Osagarriak gara elkarren artean, bakoitzaren eskaintza desberdina delako». Aurtengo azokak, gainera, berrikuntza bat izango du: institutuak elkarlanean lantzen ari diren proiektu berri baten lehen aurkezpena egingo dute. «Azoka bera aukera oso egokia da horretarako», gaineratu dute. Ostiralekoa, baina, aurrerapauso txiki bat izango da; aurrerago egingo dute proiektuaren aurkezpen ofiziala. «Azoka honek adierazi nahi du ikasleentzat oso aberasgarria dela beste ikasleen errealitatea ezagutzea, eta horrelako proiektuetan parte hartuz gero, elkarren arteko motibazioa ere handiagoa izan daitekeela», nabarmendu dute antolatzaileek.
Lanbide Heziketa eraldatze prozesu batean murgilduta dagoela ere azpimarratu dute: «Abenduan onartu zen lege berria eragina izaten ari da edukietan eta metodologietan, eta bada aldaketa nagusi bat: lehen mailatik aurrera, enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute ikasleek. Lanbide Heziketako zikloen prozedura ahalik eta praktikoena izatea ekarriko du lege honek».