Artolak ezin izan dio Lasori irabazi lehen jardunaldian

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 25a, 19:37
Laso eta Artola, Zumaian jokatu duten partidaren ondoren elkarri agurtzen.

Buruz buruko txapelketaren final-laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldia jokatu da, eta parte hartzen ari diren eskualdeko hiru pilotarietatik bik lortu dute garaipena.

Artola izan da bakarra ez duena bere partida irabazterik lortu, 10-22 galduz Lasoren aurka. Bere aldetik, Altuna III.ak 22-19 irabazi zion Dariori, eta Jakak 22-14 Rezustari. 

Zumaian jokatu dute gaur partida Artolak eta Lasok. Herriko festak izaki, frontoia jendez beteta zegoen, 630 zalerekin, asko arrantzaleen blusa eta zapiarekin jantzita. Hasierako tantoetan berdinduta joan da partida, baina pixkana Laso nagusitzen joan da, eta lehen atsedenaldira 7-12 iritsiz. Hurrengo tantoa alegiarrak egin badu ere, Lasok tartea handitu du, bere lehen puntua lortuz. 

Altunak partida gogorra izan zuen, eta ez zuelako etsi, lehen puntua lortu ahal izan zuen Bilboko Bizkaia frontoian. Dario 13-19 joan zen aurretik, baina hurrengo bederatzi tantoak amezketarrarentzat izan ziren. Guztira 347 pilotakada jo zituzten bi pilotariek, eta Altunak hamasei tanto egin eta zazpi galdu zituen, eta Dariok hamabi egin eta sei galdu.

Jakak errazago lortu zuen garaipena Bergaran, Rezustaren herrian. 190 pilotakada jo zituzten bien artean, eta Jakak hamalau tanto egin eta bost bakarrik galdu zituen, eta Rezustak bederatzi egin eta zortzi galdu.
Lehen jardunaldiko beste norgehiagoka oso borrokatua eta gogorra izan zen, eta Ezkurdiak tanto batengatik irabazi zion Zabaletari.  

Bigarren jardunaldia

Ligaxkaren bigarren jardunaldian, multzo bakoitzeko galtzaileek euren artean jokatuko dute eta irabazleak beste horrenbeste. Horrela, B multzoan, Artolak eta Rezustak ostiralean jokatuko dute, Oiartzunen. Jakak, berriz, Lasoren aurka jokatuko du, larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan.  

A multzoan, Altuna III.ak eta Ezkurdiak partida erakargarria jokatuko dute, igandean, Astelena frontoian. Eta Zabaletak eta Dariok asteartean, maiatzaren 3an, izango dute neurketa, Legazpin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!