Bisitariek pandemia aurreko datuak hobetu dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko api. 25a, 17:56

Tolosaldeko landetxeetan eta nekazalturismoetan %93ko okupazioa izan da Aste Santuko oporretan, eta pandemia aurreko oporraldian baino bisitari gehiago izan dira. Bestalde, urte hasieratik ia hirukoiztu egin da turismo bulegoko bisitarien kopurua. Horrez gain, eta goranzko joera horri eusteko webgune turistiko berria osatu dute. 

Erronka berri askoren artean ilusioz aurkeztu zuten Tolosaldeko Turismoaren bulego berria, eta Aste Santuko oporrak pasata, erronka ontzat eman du Tolosaldea Garatzen garapen agentziako lehendakari Iker Urruzolak: "Datuak ikusi besterik ez dago, ia hirukoiztu egin da bulego zaharretik berrira etorritakoan eskualdetik pasatako bisitarien kopurua". Baina nabarmendu du gorakada ez dela bulegoan bakarrik gertatu: "Bisita gidatuetan jende gehiago izan dugu, eta eskualdeko ostatu, jatetxe eta landetxeetan ere gorakada izan dugu".

Okupazio tasa %93a izan da Aste Santuko oporretan, eta "pandemiaren aurreko datuak baino hobea da", zehaztu du Urruzolak. Era berean, aipatu nahi izan du pandemia eta gero, kalean ere "bizitasuna" izan dela. 

Olatz Illarregi Tolosaldea Garatzeneko Turismo Saileko arduradunak eman du datuen berri, eta %93ko okupazioarekin, landetxeak eta nekazalturismoak, "ia beteta egon dira bereziki Aste Santuko egun horietan". Baina sektoretik jasotzen duten mezua "Aste Santua lau-bost egun dira, eta urtea luzea da", izan ohi da. "Gure erronka nagusia urteko garai jakin batzuetara ez mugatzea da, eta urte osoko okupazio tasetan eragitea da", azpimarratu du turismo arduradunak.

Horregatik, urte hasieratik gaur arteko datuak jaso dituzte: "Zorionez, hilabeteko bataz besteko guztietan izan ditugu igoerak". Batez ere, otsailetik aurrera bisita gidatuetan gorakada izan dela ekarri du gogora Illarregik, eta baita turismo bulego berrian izan diren bisitari kopuruan ere. 

Bisitariei dagokionean, lehen hiruhilekoan, bizkaitarrak, nafarrak eta frantziarrak izan dira nagusi Tolosaldean, eta Aste Santuko egunetan, berriz, Herrialde Katalanetatik eta Madrildik etorritakoak izan badira ere gehienak, ez dira falta izan atzerritarrak. 2021ean 985 pertsona izan ziren eskualdean, eta aurten 2.456 pertsonak bisitatu dute Tolosaldea.

Aurreko urtea Tolosaldearentzat "nahiko ona" izan zela esan du turismo arduradunak. "2019ko datuak baino hobeak izan genituen iaz ere. Asko aktibatu zen barne turismoa".

Aurtengora begira zalantzak zituztela aitortu du: "Bertako jendeak badirudi mantendu duela gertuko hori ezagutzeko joera, eta pandemia aurreko datuak baino hobeak lortu dira". Atzerritarren bisita ez dela hainbestekoa izan zehaztu du, baina "gure betiko bezeroak etorri dira". 

Zaharretik berrirako saltoa

Teknologia berrietara egokitu dute turismo eskaintza. "Ia bi urte pasa ditugu webgune berria lantzen", zehaztu du Urruzolak. Horrekin eskualdea bisitariei gerturatu nahi diete eta eskura jarri eskualdeak eskaintzen dituen aukera guztiak. Eskualdeko turismo gunea lau haizetara zabaltzea dute helburu. Iaz Marketin plana egin zuten, eta marka berria ere aurkeztu zuten, eta orain, webgune berriarekin "datu horien joera" mantendu nahi dute, eta ahal bada "hobetu", esan du Illarregik.

Euskal kultura, natura eta gastronomia dira eskualdea erakargarri egiten dutenak, eta web orri berrian pisu handia hartu dute irudiek. "Zuzenean mugikorretarako pentsatuta egin da", argitu du Illarregik, eta jakitun dira: "Gehiengoa mugikorretatik sartzen da informazio bila".         

Herrialde Katalanetatik etortzen diren bisitariak direla bezero nagusi Tolosaldean azpimarratu du Illarregik, eta webgunea berritzearekin batera, hori kontuan izan dute eta bost hizkuntzetan irakurri ahal izango da; katalana izango da aukeretako bat. "Etengabe joan beharko dugu hobetzen webgunea, eta guztiz dinamikoa izango da". 

Turistak eskualde osora banatzea lortu nahi dute, eta hemendik aurrera webgunearen bidez zenbat pertsona bideratzen dituzten jatetxeetara edota nekazalturismoetara jakin ahal izango dute: "Webgunean eskualdeko herri guztiak daude, museoak, jatetxeak,... eta gure helburua jendea horietara bideratzea da". Azken batean, eskualdeko enpleguan eragin nahi dute.

Olatz Peon Tolosako alkateak "bide onetik goaz, eta hartutako erabakia ona izan da" adierazi du turismo bulegoaren leku aldatzeari erreferentzia eginez. Tolosako alkateak bi alor jarri nahi izan ditu balioan: "Datu hauek lortu ahal izateko sektoreak egin duen izugarrizko lana: ostalaritzak, lo tokiek, museoek, ekoizleek... eta baita administrazioak ere". Azken bi urteak turismorako ez direla samurrak izan esan du Peonek: "Eragozpen handiak izan dira, baina lanaren lanaz indartzen ari da berriro sektorea, eta hori eskualdearen garapenerako berri ezin hobea da". 

Bigarrenik, saretzearen garrantzian jarri du azpimarra: "Jende askok parte hartu izan du prozesu honetan, elkarlana oso garrantzitsua da eta zorionez lan egiteko modu hori oso errotuta dago gure eskualdean. Horrela jarraituz gero pentsatzen dugu emaitza onak lortzen jarraituko dugula".

Sektorea bizirik egoteak eragina duela uste du "eskualdearen erakargarritasunean". "Bistakoa da zenbat jende etortzen den gure azokara, erretegietarako, jatetxeetara, mendietara, eta baita zenbat jendek duen gure eskualdeak eskaintzen dituen baliabideez gozatzeko aukera". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!