Herri kirol saioez betea dator asteburua

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 21a, 11:58

Etzi, Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako kanporaketa jokatuko da Leaburun, eta igandean, Gorostidi Harriaren XIV. Txapelketa, Adunan.

Datozen egunetan, eskualdeko herri kirol zaleek ez dute aspertzeko tarterik izango, herri kirol saioez betetako asteburua izango baita. Larunbatean, Diva Pentsuak enpresak eta Leaburu-Txaramako Udalak antolatuta, Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariko lehen kanporaketako saioa jokatuko da Leaburuko industrialdean, 11:30ean hasita.

Hamabi aizkolari ariko dira aurrez aurre Leaburun: Urtzi Olasagasti, Ibon Garaiburu, Dani Lopez, Xabier Garcia Utxu, Beñat Lekue, Aritz Oregi, Beñat Amade, Mikel Agirre, Aritz Irazabal, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Jon Telletxea eta Josu Santamaria. Zortzi enbor moztu beharko ditu bakoitzak, eta lehen hirurak sailkatuko dira hurrengo fasera. Gizonezkoen txapelketaz gain, Emakumezkoen Aizkolari Txapelketako kanporaketa ere jokatuko dute Laiene Pikabeak eta Uxue Ansorregik; launa enbor moztu beharko dituzte.

Harri-jasotzaileak ere ariko dira bertan, Urrezko Harri-jasotze Txapelketako kanporaketa jokatuko baitute Julen Diazek (gizonezkoetan) eta Karmele Gisasola Zelai III.ak (emakumezkoetan). Diazek, 188 kiloko laukizuzena, 138 kiloko kubikoa eta 113 kiloko bola altxa beharko ditu; Gisasolak, berriz, 63 kiloko kubikoa eta pisu bereko bola.

Faborito garbirik gabe

Igandean, Adunako Udalak eta zenbait eragilek antolatuta, Gorostidi Harriaren XIV. Txapelketa jokatuko da herriko frontoian, 18:00etan hasita. Puntako zortzi harri-jasotzaile ariko dira txapelaren lehian: Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Jon Unanue Goenatxo III.a, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Sergio Mielgo, Iñigo Izagirre eta Pablo Azpiazu. Sarrera doan izango bada ere, borondatea eskatuko dute antolatzaileek.

Bost harri ezberdin altxa beharko ditu bakoitzak: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola (kolarik gabe) eta 139 kiloko harri baldarra. Bi aldiz jaso beharko dute harri bakoitza; behin harri bat ukituz gero, hori bi aldiz jaso arte ezingo dute beste harri bat jaso. Hamar jasoaldiak azkarren egiten dituenak jantziko du txapela. Orain arte, Aimar Irigoien izan da jaun eta jabe Adunako proban. «Azken bi urteetan ez da gehiegi agertu plazetan, eta beraz, ikusteko dago zein den bere maila. Urra eta Azpiazu ere kontuan hartzeko izenak izango dira», aurreratu du Joxe Anjel Sarasola herri kirol adituak.

Bestalde, Gorostidi Harria Txapelketaren barruan erronka bereziak izaten dira urtero; aurten, bi izango dira. Batetik, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrarekin jasotzen duenak, 500 euroko sari berezia lortuko du; Iñaki Gorostidi adunarrak 77 kilo zituela lortu zuen marka izugarri hori. Orain arte, inork ez du lortu erronka betetzea. «Urte batean, Ostolazak jaso zuen, baina harria atzeraka erori zitzaion, eta puskatu egin zuen. Orduan, gainera, Irigoien prest azaldu zen erronkarako, baina ezin izan zuen ahalegina ere egin», azaldu du Sarasolak. «Azken urteetan, galdu egin da esku bakarrarekin harriak jasotzeko ohitura», gaineratu du. Bestetik, 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuekin jasotzen duenak 100 euroko sari berezia eskuratuko du.

Arria V.a eta Otaño

Egun berean, baina 12:00etan hasita, bi aizkolariren arteko apustua jokatuko da Azpeitiko zezen plazan. Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak eta Eneko Otaño beizamarrak neurtuko dituzte indarrak. 20 kanaerdiko nork lehenago ebaki; lan hori egin beharko dute, eta aizkolari bakoitzak 5.000 euro jokatuko ditu.

Sarasolaren ustez, Otaño da faboritoa. Sherpa.Ai Txapelketan hirugarren izan zen beizamarra. «Behetik gora datorren aizkolaria da», adierazi du Sarasolak. Arria V.ak, bestetik, azken bi urteetan, mendi lasterketak, aizkora saioak eta harri-jasotzeak uztartuz burutu ditu erronkak. Horiek egin ondoren, bere aizkolari ibilbidea amaitu zuela zirudien, baina atsedenaldi luze baten ondoren, itzultzea erabaki du. «Apustuak dira herri kirolaren esentzia, eta beraz, ezin izan diot Enekori ezetz esan», azaldu zuen Otañorekin apustua adostu zuen egunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!