Erik Jakak aurrera egin du Buruz Buruko Txapelketan

Ataria 2022ko apirilaren 19a

Argazkia: FOKU

22-15 irabazi dio Irribarriari Astelena pilotalekuan eta final-laurdenetako ligaxka jokatuko du; bestalde, Peña II.ak galdu egin du Lasoren aurka.

Erik Jakak eman du ezusteko handiena Eskuz Banakako Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenetan. Irribarriaren aurka jokatu zuen bere kanporaketa, Eibarko Astelena frontoian, eta 22-15 irabazi zuen. Garaipen honi esker, final-laurdenetako ligaxka jokatuko du lizartzarrak, eta Beñat Rezusta izango da bere lehen aurkaria. Ostiral honetan jokatuko dute, Bergarako Udal Pilotalekuan; 22:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da.

B multzoan daude Jaka eta Rezusta, eta multzo horretan, Baiko enpresako beste bi pilotari daude, tartean, eskualdeko bat: Iñaki Artola. Alegiarrak, Unai Laso, azken binakako txapelketako finalista, izango du aurkari lehen partidan. Zumaiako Aitzuri frontoian jokatuko dute, astelehenean; 17:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da.

Hain justu, Lasok, eskualdeko beste pilotari bat kanporatu zuen final-zortzirenetan, Lekeition: Jon Ander Peña tolosarra. Peña II.ak ez zuen partida ona jokatu eta 22-13 galdu zuen, txapelketatik kanpo geratuz.

Txapelduna, A multzoan

Jokin Altuna, Buruz Buruko egungo txapelduna, A multzoan dago. Igandean jokatuko du lehen partida, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Darioren aurka. Errioxarrak, 22-5 irabazi zion Urrutikoetxeari final-zortzirenetan.

Ezkurdiak eta Zabaletak jokatuko dute multzo horretako beste partida, larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Ezkurdiak 22-7 irabazi zion Agirreri final-zortzirenetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!