Saralegi eta Regillaga, hirugarren Iberiar Kopan

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 13a, 19:59
Unai eta Joseba Regillaga, Joseba Etxarri eta Unai Saralegi, Iberiar Kopan.

Regillaga-Etxarri bosgarren izan dira Portugalean jokatu den judoko kata txapelketan. Bestalde, Zuriñe Tardio Espainiako Junior Txapelketan aritu da.

Judo Klub Tolosako Kata modalitateko judokak hasi dira berriro ere denboraldi berriarekin. Iaz Espainiako txapelketa abenduan jokatu bazen ere, apirilaren 29an Iruñean izango da aurtengo Espainiako txapelketa. Horrela, pandemia aurreko planifikazioa berreskuratu nahi dute. Aurten bi bikote izango dira Espainiako zirkuituan. Batetik, Unai Saralegi eta Unai Regillaga bikotea, eta, bestetik, Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri bikotea. Saralegi eta Regillagak berriro ere urte biribil bat lortzeko asmoarekin ekin diote sasoiari, bi helburu nagusirekin: Espainiako eta Europako txapelketak. Regillaga-Etxarri bikoa, berriz, kata zirkuitura itzuli da. 2021ean ezin izan zuten parte hartu eta horrekin 2020ean junior mailan lortutako zilarrezko domina dute azken emaitza. Biek 18 urte bete dituztenez kategoriaz pasa dira eta aurten 23 urtez azpikoan ariko dira.

Espainiako txapelketa prestatzeko asmoz, laukotea eta Euskal Federazioko prestatzailea den Juanjo Etxebeste Torres Novasen (Portugal) izan dira pasa den larunbatean. Bertan Iberiar Kopa izan da jokoan, eta penintsulako judokez gain Frantziako judokak ere gonbidatuak izan dira. Saralegi eta Regillaga hirugarren geratu ziren, aste gutxi barru aurkari izango dituzten Extremadurako bikotea eta Portugalgo txapeldunen atzetik. Regillagak eta Etxarrik bosgarren postua eskuratu zuten absolutu mailan nahiz eta oraindik 23 urtez azpikoak izan.

TARDIOK EZ DU ZORTERIK IZAN

Pasa den larunbatean ere, Judo Klub Tolosako Zuriñe Tardio txaramarrak Espainiako Judoko Junior Txapelketan parte hartu zuen euskal selekzioarekin batera. Txapelketa horretara iristeko Tardiok bide luzea burutu behar izan du, azkeneko pausoa Ipar Sektoreko txapelketan bigarren postua izanik. Tardioren kategorian, 63 kilo azpikoa, azken faserako hamazazpi judokek soilik lortu dute sailkapena, eta bertan zeuden judoka guztiak maila handikoak izan dira. Tardiok lehen borroka galdu bazuen ere bigarren aukera izateko esperantza ez zuen galdu, baina kasu horretan ez zuen zorterik izan eta ez zuen lortu. Hori horrela, aurtengo junior mailako denboraldia bukatutzat eman du.

Judo Klub Tolosatik nabarmendu dute azken bost hilabeteetan Tardiok Espainiako Txapelketako bi azken fase jokatu dituela, lehenik senior mailan eta azken hori junior mailan. "Klubetik ziur gaude merezitako deskantsu baten ostean Zuriñe berriro onenen artean ikusiko dugula", esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!