Ticket Bai sistemak merkatari txikiei kalte egingo diela salatu dute

Ataria 2022ko apirilaren 12a

Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkartea Ticket Bai sistemaren kontra azaldu da. Gaur egungo unea "guztiz desegokia" dela esan du eta hainbat negozio itxiko direla esan du.

Gipuzkoako 2.200 saltoki inguru ordezkatzen dituen Dendartean elkarteak esan du badakiela saltoki txikietan ez dagoela iruzur fiskalik, "ez behintzat aldundiak ezarri nahi duen nahitaezko prozedura ezartzeko premia justifikatzen duenik". Hori dela eta, Ticket Bai sistemak onurak baino, kaltea eragingo diela uste du. "Gaur egungo unea guztiz desegokia da Ticket Bai ezartzeko, negozioen itxiera prozesuak bizkortuko baititu. Denok dakigu zer-nolako arazo bortitza duen hiriko merkataritza txikiak: krisia, birmoldaketa, inflazioa, kostuen igoera orokorra, COVID-a, gerra, eta abar. Baina krisi hau ez da berria; lehenik eta behin, hirigintza Banaketa Enpresa Handien zerbitzura jarri zen, eta, gero, online salmenta plataforma handiei mesede egiten dieten legediak mantendu dira, lan-ikuspegitik zein ikuspegi fiskaletik, izan ere, gure udalerri guztietan lan-kontraturik gabeko pertsonekin saltzen baitute, ia zergarik  ordaindu gabe eta 'legezko' zerga-paradisuetatik jardunez, erabateko lehia desleiala sortuz". 

Dendarteanen ustez, Ticket Bai sistema ezartzeak ez dakar zailtasun bera makroenpresa, mikroenpresa edo denda txikientzat, eta, beraz, kasuaren arabera ezarri beharko litzateke, "gaitasun teknologikoari dagokionez, aldeak izugarriak" baitira. "Merkataritza txikian, langile-baliabide gutxirekin, adin aurreratuekin, esperientzia eta ezagutza digital eta informatiko urriekin eta baliabide ekonomiko gutxirekin egin behar diete aurre Ticket Bai-ri". Sistema berriak gastuak handitzea eta negozioa kontrolik gabe uztea ekarriko duela esan du,  "ez bagenuen arazo gutxi, gastu gehiago, lan-denbora gehiago, segurtasun eza eta kontrolik eza sortuz". Gipuzkoako Foru Aldundiari sektoreko ordezkariekin talde bat sortzeko eskatu diote, "guztion artean irtenbide on bat bilatzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!