Aurkari zailak dituzte Peñak eta Jakak buruz burukoan

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 11a, 13:57
Txillida Lekun izan dira gaur goizean Buruz Buruko Pilota Txapelketan parte hartuko duten hamabi pilotariak. BAIKO PILOTA

Gogorra izango da Buruz Buruko Pilota Txapelketa, ligaxka jarri baitute final-laurdenetarako. Aurretik, baina, final-zortzirenetako kanporaketak jokatuko dira asteburu honetan. Peña II.ak Laso izango du aurrean, eta Jakak Irribarria.

Txillida Lekun aurkeztu dute aurtengo Buruz Buruko Pilota Txapelketa, eta bertan izan dira parte hartuko duten hamabi pilotariak, seina enpresa bakoitzetik. Tolosaldeko lau pilotari ariko dira lehian: Altuna III.a egungo txapelduna, Artola, Jaka eta Peña II.a. Lehenengo biak sailkatuta daude zuzenean final-laurdenetarako, iazko lehen lau postuak lortu zituztenek eskuratu baitute txartel hori. Altuna III.a txapelduna izan zen, eta Artolak finala jokatu behar zuen, baina lesio batengatik uko egin zion jokatzeari, eta azken sailkapenean hirugarren postua lortu zuen.

Beste zortzi parte hartzaileek final-zortzirenetako kanporaketak jokatuko dituzte, final-laurdenetako ligaxkan postu bat eskuratzeko. Tartean izango dira Jaka eta Peña II.a. Aurkari zailak tokatu zaizkie. Jakak Irribarriaren aurka jokatuko du, datorren astelehenean, apirilak 18, Eibarren. Lizartzarra 2020ko txapelduna izan zen, baina ezin izan zuen jokatu iazko txapelketa, lesio batengatik. Irribarria bi aldiz izan da txapeldun buruz burukoan, eta aparteko dohainak ditu modalitate horretarako, batez ere bere kolpe indartsuarengatik. Peña II.ari Lasoren aurka jokatzea egokitu zaio. Larunbatean izango da partida, Lekeition. Gaur egun sekulako maila erakusten ari da Laso. Azken bi txapelketa nagusietan, lau eta erdikoan eta binakakoan, finalean izan da, eta buruz burukoan finalera iristeko hautagaietako bat da. Final-zortzirenetako beste bi kanporaketak Urrutikoetxea-Dario (ostiralean, Bastidan) eta Ezkurdia-Agirre (igandean, Tolosan edo Zarautzen) izango dira.

Final-laurdenetan bi multzo antolatu dituzte, eta bakoitzean lau pilotari ariko dira. A multzoan, Altuna III.a eta Zabaleta (iazkoan laugarren geratu zen) izango dira zain, eta B multzoan Artola eta Rezusta (iaz finalean izan zen). Jakak eta Peña II.ak euren partidak irabazten badituzte, B multzoan sartuko dira, eta, beraz, lau pilotarietatik hiru eskualdekoak izango lirateke. Multzo bakoitzeko lau pilotariek elkarren aurka jokatuko dute, eta, beraz, hiru jardunaldi izango dira. Lehenengo jardunaldia apirilaren 24ko asteburuan izango da. Multzo bakoitzeko lehen biak sailkatuko dira, eta finalerdietan multzo bakoitzeko lehenengoak bestearen bigarrenaren aurka jokatuko du. Maiatzaren 14an eta 15ean izango dira finalerdiak. Hirugarren posturako partida maiatzaren 22an izango da, eta finala maiatzaren 29an, Iruñeko Nafarroa Arenan. Ez da atzerapenik onartuko, eta finala jokatuko duten bi pilotarietako batek min hartzen badu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!