Gazteak euskararen alde batzea helburu duen sarea

Ataria 2022ko apirilaren 9a

Euskarak bizi duen egoeraz kezkatuta, Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu dute "Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean gazte ikuspegia txertatzeko".

Euskararen borrokan gazte ikuspegia txertatzea eta belaunaldi oso bat borroka horretara batzea. Helburu horiek ditu sortu berri duten Gazte Euskaltzaleen Sareak, eta beharrezko ikusten ditu, Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean. 

Tolosan aurkeztu dute ekimena Korrikaren testuinguruan. "GaztEraikin, topa gaitezen, unibertsitateetako euskararen aldeko borroketan eta gazte mugimenduetan" dabiltzan gazteak elkartu dira, "gazteak eta euskaltzaleak".  Azaldu dutenez, kezkaz bizi dute "euskararen borrokaren agorpena" eta hainbat eremutan euskarak atxikimendu, bultzada edota erabilerari dagokionean izan duen atzerakada. 

Kezka sentitzen dutela diote, "azken urteetan frantziar eta espainiar estatuek euskararen aurka areagotu duten jarrera zapaltzaileagatik", eta hainbat arlotan "euskararekiko aurkakotasuna" sentitzen dutela azaldu dute: "Unietan euskaraz ikasteko eskubide urraketan, zonifikazioaren mantentzean, sozialki euskararen zailtasunaren inguruko lobbyan, iparraldeko ikastetxeetan ikasleen borroketan, eta batez ere, instituzioek euskararen atzerakadaren aurrean duten pasibotasunean".  

Euskaraz bizi nahi duen baina ezin duen belaunaldia direla adierazi dute; "hizkuntza zapalkuntza estrukturala den unetik, gure hizkuntzan bizitzeko neurriak hartzea da onartu dezakegun jarrera bakarra". Gazteek jokatzen duten paperaz kontzientzia hartu dutela diote, eta bide horretan laguntzeko sortu dute sarea. "Euskaren borroka fase berri bat berpizteko gaude hemen. Euskaraz bizi ahal izateko egiturak gutxinaka sortzen laguntzeko". 

Hala, fase berri baten hasieran ulertzen dituzte, bai korrikak jasotako erantzuna, bai maiatzaren 7an kontseiluak Iruñean deitutako manifestazioa, bai eta Euskara Aurrera lelopean maiatzaren 21 burutuko dena ere. Deialdi horietan izango direla Gazte Euskaltzaleak esan dute, eta mezu argia zabaldu nahi izan dute: "Hizkuntza bat ezin da soilik dakitenek hitz egiten dutelako bizi, dakitenek, hizkuntzaren alde egiten dutelako baizik. Hori, hizkuntza jendeari zabaltzea, botere guneetan trinkotzea eta dakitenen artean erabiltzea besterik ez da".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!