Danel Etxeberria eta Jon Mendiluze Gipuzkoako Eskolarteko finalean

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 9a, 10:58
Danel Etxeberria eta Jon Mendiluze. J.M.

Datorren apirilaren 29, ostiralean, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala lehiatuko da Lasturren. Final horretarako txartelak eskuratu dituzte Danel Etxeberria tolosarrak eta Jon Mendiluze irurarrak.

Txapela eskualdera etortzeko bietako bat beste bertsolari hauen aurretik geratu beharko da ezinbestean: Naia Arrizabalaga, June Aiestaran, Amets Aizpurua eta Aratz Lasa.

JON MENDILUZE. IRURA, 2005

Bertsoa betidanik izan du etxean. Aita bertsolaria du. «Parte batean horregatik eta bestela ere afizioa nuelako eman nuen izena bertso eskolan hamaika urterekin». Aurrena Tolosan aritu zen eta Villabonako taldera pasa zen iaz. Talde «berezia» dela azpimarratu du: «Oso giro ona dugu, elkarri adarra jotzen ibiltzen gara denbora guztian eta horrek egoteko eta bertsotarako ere asko laguntzen du».

Hirugarren parte hartzea izango du aurtengoa Eskolartekoan. Oñatiko kanporaketa irabazi zuen eta Lasturren egingo den finalean kantatuko du. «Duela bi urte lehen aldiz parte hartu nuenean oso-oso urduri joan nintzen. Hankak dardarka nituela». Iaz urduri joanagatik ere, finalean kantatzeko aukera izan zuen eta aurten errepikatuko du.

Bertsotan umoretik jotzen saiatzen dela dio eta gaiak aztertu eta bide ezberdinak ikusten. «Zeinek duen mami gehien, zein komeni zaidan gehiena, horri begiratzen diot». Denbora du arerio handiena; berak nahi baino tarte handiagoa hartzen omen du bertsoa pentsatzeko eta alde hori hobetu nahi luke.

Aitarekin batera, Aitor Sarriegi eredu duela dio Mendiluzek: «Gaiei buelta bat eman eta umore puntu bat emateko abilidadea du. Miresten dut».

 

DANEL ETXEBERRIA. TOLOSA, 2007

Ez zaio iruditzen afizioa etxetik datorkionik. «Egia da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ikusi izan dela etxean, eta gustatzen zitzaidan hori ikustea. Fernando Amezketarraren marrazki bizidunak ere asko gustatzen zitzaizkidan». Oso gustura aritzen da eta segitzeko asmoa du bertso eskolan. Bat-batean egitea gustatzen zaio, gaia jarri eta bertsotan aritzea. Horregatik eman du izena Eskolarteko txapelketan: «Hor parte hartzea zer den jakiteko eta ahal dela disfrutatzeko». Iaz ikastetxean antolatutako jaialdi batean aritu zen jendaurrean. «Baina oso ekitaldi txikia izan zen eta ez oso bat-batekoa». Eguneroko dinamikarekin jarraitu dute bertso eskolan eta lehenengo aldia duenez Eskolarteko txapelketan presiorik gabe doala dio. «Beldur handirik ez daukat». Lizartza toki aproposa iruditzen zaio kanturako, etxetik gertu dagoelako. Han aritu da apirilaren 8ko kanporaketan, eta baita finalerako sailkapena eskuratu ere. Bakarkako ariketak ditu gustukoen, hausnartzeko aukera ematen diotelako. «Niri gustatzen zaizkit gai zabaleko ariketak». Lagundurikan danoi doinuan aritzen da erosoen. «Momentuz gustura nabil eta gustura nabilen bitartean ez dut utziko. Iristen naizen tokira iristen naizela, ikusiko dugu zer gertatzen den».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!