Herriarteko Pilota Txapelketan parte hartuko duten herriak eta modalitateak aurkezteaz gain, zozketa ere egin dute modalitate bakoitzerako. Eskuz, beraz, eskualdeko lau herri ariko dira lehian, eta lehen kanporaketako partidak maiatzaren 15eko eta 22ko asteburuetan jokatuko dituzte. Alegiak Idiazabal eta Andoainen arteko neurketaren irabazlearen aurka jokatuko du; Amezketak Oñatiren aurka; Amasa-Villabonak Ataun izango du aurkari, eta Tolosa Zestoaren kontra ariko da. Iaz parte hartu zuten Aduna eta Bidania-Goiatz ez daude aurtengoan, eta Amasa-Villabona aurtengoan animatu da.
Gomazko paletan eskualdeko bi herri izango dira lehian, eta maiatzaren 8 eta 15eko asteburuetan jokatuko dituzte lehen kanporaketako neurketak. Tolosak Zumarraga izango du aurrez aurre, eta Anoetak Astigarraga. Eskualdeko bi herriek finalean bakarrik jokatuko lukete elkarren aurka. Iaz Amasa-Villabonak parte hartu zuen, baina aurtengoan ez da txapelketan izango.
Palaz Tolosa izango da eskualdeko ordezkari bakarra, eta lehen kanporaketan Errenteriaren aurka ariko da. Joaneko norgehiagoka maiatzaren 22ko asteburuan izango da eta itzulerakoa maiatzaren 29ko asteburuan. Iaz ez zuen parte hartu Tolosak modalitate honetan.
Herriarteko Txapelketaren aurkezpenean herrietako hainbat ordezkari eta pilotari izan dira. Itziar Lete Andonegi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) presidenteak gidatu du saioa, eta alboan izan du Iban Sanchez Lizarralde Bertako igogailuak babeslearen ordezkaria. Letek Gipuzkoako klubei eskerrak emanez hasi du agerraldia, "pandemia garaian ere erakutsi duzuen jarreragatik, moldatzeko eta unean uneko neurri eta egoeretara egokitzeko izan duzuen prestutasunagatik". "Zorte on eta disfrutatu", opatu die parte hartzaileei. Eta Bertako igogailuak babesleari eskerrak emanez bukatu du. Enpresako ordezkari Sanchezek, bestalde, sortutako lankidetzagatik pozik agertu da, eta "txapelketatik haratago elkarlanean jarraitzeko asmoa" adierazi du.