XXIII. Aiztondo Pilota Topaketako finalak, larunbatean

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko apirilaren 7a

16:00etan hasiko dira Aiztondo bailarako pilota elkarte eta eskolen arteko txapelketako azken partidak, Zizurkilen.

Otsailean eman zitzaion hasiera Aiztondoko Pilota Topaketaren hogeita hirugarren edizioari, eta larunbat honetan jokatuko dituzte finalak, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, 16:00etatik aurrera. Aiztondo bailarako pilota elkarte eta pilota eskolen artean antolatutako txapelketa da, bailarako herrien sostengu ekonomikoarekin: Alkizako pilota eskola, Larraulgo pilota eskola, eta Zizurkilgo Ziotza, Asteasuko Atzapar, Villabonako Behar Zana eta Adunako Txulobi pilota elkarteak. Pilotariek bere bizilekua den herria ordezkatzen dute, nahiz eta bailarako beste herri bateko pilota taldeko kide izan.

Larunbatean bost final jokatuko dituzte, eta ondorengo hauek izango dira neurketak: aurrebenjamin mailan, Odei Traore eta Irai Urizar (Amasa-Villabona), Aratz Ruiz eta Zumai Agirreren (Aduna) aurka; benjamin mailan, Enaitz Alkorta eta Axel Carrillo (Aduna), Igotz Urruzola eta Adei San Sebastianen (Alkiza) aurka; alebinetan, palaz, Aiara eta Xabat Aburuza (Aduna), Elaia Zabala eta Amets Bejaranoren (Asteasu) aurka. Alebinetan, eskuz, Xuhar Iparragirre eta Oihan Aburuza (Aduna), Beñat Eizagirre eta Alain Urkolaren (Larraul eta Asteasu) aurka; eta infantil mailan, Aner Arrieta eta Adur Otaegi (Amasa-Villabona eta Larraul), Aitor Larrarte eta Eñaut Oñateren (Amasa-Villabona) aurka.

Topaketak izan duen erantzuna nabarmendu dute antolatzaileek. Guztira, 56 bikotek hartu dute parte aurtengo txapelketan, hau da, 100 pilotaritik gora aritu dira: aurrebenjamin mailan, 13 bikote izan dira; benjamin mailan, 12; alebin mailan, palaz, 9; alebin mailan, eskuz, 17; eta infantil mailan, 5. Hori eskertzeko, finalak amaitutakoan, sariak banatzearekin batera, pilotak zozkatuko dituzte parte hartu duten pilotari guztien artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!