Plazanbazan

Euskaraz jolas egitera!

Ataria 2022ko api. 7a, 07:57

'Plazanbazan' atal berria estreinatuko du bihar 'Atariak'; Garbiñe Ubedak eginiko denbora-pasez osaturiko bi orri izango dira astekarian; gaztetxoei zuzenduriko jokoak proposatuko dira.

Bihartik aurrera eduki berri batez gozatu ahalko dute Atarikideek astekarian. Gaztetxoei zuzendutako bi orrialde izango dira aurrerantzean hilean behin, eta denbora-pasez osatua izango da.

Euskararekin lotutako denbora-pasak izango dira, eta modu honetan gaztetxoak erakarri nahi dira eskualdeko euskarazko komunikabidera, euren aisian euskaraz egin eta jolastu dezaten. Izan ere, euskal komunikabideek etorkizuna izan dezaten, funtsezkoa da gaur egungo umeek haien berri izatea, haietan parte hartzeko eta protagonista izateko aukerak ematea, komunikabideak beraienak ere badirela sentiaraztea. ATARIA jakitun da etorkizuna haurrak direla, haiek gidatuko dutela etorkizuneko gizartea, eta haiek izango direla komunikabideen etorkizuneko kontsumitzaileak. Helburu horrekin sortu da Plazanbazan izeneko atala.

Garbiñe Ubeda ibartarrak Tokikomeko hedabideentzat sortutako denbora-pasekin osatutako guneak askotariko jokoak izango ditu. Mimoz sortutako edukiak izango dira, haurren irudimena piztu eta bultzatzeko. Hilabete bakoitzeko bigarren ostiralean topatu ahalko da Ataria astekarian, eta astekaria argitaratzen den egunean bertan, erantzunak Ataria.eus-eko Plazanbazan kanalean izango dira ikusgai.

ATARIAK entretenimendua eta euskara ardatz dituen gune berrian parte hartzera gonbidatzen ditu eskualdeko txikienak, eta eurekin batera helduak ere parte hartuz, modu polita izan daiteke euskaraz bizitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!