ERREPORTAJEA

Kantxan sakea eta kontrakantxan erantzuna

Irati Saizar Artola 2022ko api. 9a, 09:57
'Frontona' ikuskizuna Amasa-Villabonan eskaini zuteneko une bat. EGOITZ BENGOETXEA

Ezohiko pilota partida ikusteko aukera izango da igande honetan, Berrobiko Urreburu pilotalekuan, 17:30etik aurrera: Frontona ikuskizuna.

Pilota partida bat aitzakia hartuta, gauza gehiago gertatzen dira Frontona ikuskizunean. Kantxako partidaz gain, kontrakantxan ikusleek ere jokatu beharko dute partida eta erronka bat izango dute guztiek: 22ra iristea. Iñigo Otaegi billabonatarra, Josu Artutxa tolosarra eta Unai Ormaetxea andoaindarra dira saioa gidatzen dutenak, Janire San Sebastian eta Anne Maiza zizurkildarrak arituko dira pilotan, eta emanaldira batu berri den Andoni Egaña bertsotan arituko da.

Izenak dioen moduan, frontoia da emanaldiaren agertokia, kasu honetan, Berrobiko Urreburu pilotalekua, eta bi pilotariak hasiko dira buruz buru partida jokatzen. Otaegik kontatu moduan, «jendea pilota ikustera doa, eta ikusleak ez du espero mikrofonoa jarriko diogunik aurrean». Izan ere, kantxan tantoa amaitzean, antzezleak kontrakantxara doaz, eta publikoarekin hartu-emanean hasten dira, galde-erantzunen bidez. «Euskal Herriko kulturaren inguruko galderak egiten ditugu, tokikoagoak eta orokorragoak direnak». Publikoa zirikatzen ibiltzen dira, erantzun bila. «Ikuslea ikuskizunaren parte bihurtzen da, bete-betean».

Ondo pasatzetik baduelako saioak, baina baita transmisiotik ere. Herri jakintza jartzen dute jomugan. «Galderak era askotakoak izaten dira; alde batetik, jendeak ondo pasa dezan nahi dugu eta ondo pasatzeko tokiko erreferentziak egiten ditugu, kasu, Berrobiko dendariari buruzko komentario graziosoren bat, baina beste aldetik ere ondo dago libertimenduen inguruan hitz egitea, literaturaz aritzea, finean, fokua urrutiratzea eta herri jakintzaz hausnartzea», esan du Otaegik. Ikusleari barruan zerbait mugitu araztea badelako ikuskizunaren helburuetako bat. «Kritika pertsonaletik egin baino, jendartetik egin nahi dugu, konturatzeko gaur egungo gazteak zein puntutan gauden eta ze euskaldun inkontzienteak garen».

Galderaren erantzuna ez dakienak, ez du zertan kezkatu. «Ez badakite erantzuna, hobe», dio billabonatarrak, «guri horrek trufarako balio digu, guretzat urre gorria da eta horren inguruan txisteak egin ditzakegu». Erantzuna asmatzeko pistak ematen dituzte ordea, eta soluzioa erraz xamar jartzen dute, eta gainerakoan, beraiek esaten dute erantzun zuzena: «Zirikatzea da asmoa, baina ez ebidentzian uztea, azken batean, jendeak erantzuna zein den jakin dezala nahi dugu, eta erantzuna esplikatzen ere saiatzen gara; dena ez da zirika eta txistea». Galderen bidez, herri bakoitzera moldatzen dute ikuskizuna, herrira egokitzen den produktu mota bat delako: «Herri bakoitzari berea eskaini behar zaio».

Iñigo Otaegi: «Jendea pilota ikustera doa, eta ikusleak ez du espero mikrofonoa jarriko diogunik aurrean»

Horrek inprobisaziotik ia gidoitik baino gehiago izatea dakar. «Frontonaren muina kontrakantxan gertatzen den bigarren partida hori da, kulturaren partida, publikoari planteatzen zaiona, beraz, erantzunak gestionatzeko garaian, guztia inprobisaziotik egiten dugu». Publikoarekin konektatu behar izaten dute, eta horrek emanaldi bakoitza desberdina izatea eragiten du. «Ez da lan erraza, inprobisazioan moldatzen gara, baina eguna eduki behar duzu, eta momentuak eta publikoak exijitu egiten du». Txiste batzuk herri gehienetan funtzionatzen dutela dio Otaegik, «baina ez denetan».

Pilotatik du, musikatik ere badu, kultura da, antzerkitik badauka eta orain, bertsoa ere batu zaio, taldean seigarren lagun bat fitxatu dutelako: Andoni Egaña bertsolaria. «Ikusten genuen Egaña ondo ezkondu zitekeela gure proiektuarekin, batez ere, oso pertsona esanahitsua delako eta gauzak esan ere esan nahi genituen eta hausnartzera gonbidatzeko pertsonarik idealena zela iruditu zitzaigun». Bertsoa forma diferenteetan plazaratzen du partidan zehar, lauzpabost interbentziotan: «Umorea jartzen dio, baina batez ere honi guztiari funtsa, pisua, kritika, gogoeta eta ardura soziala eransten dizkio». Momenturen batean, antzezle lanetan ere jarri dute bertsolari zarauztarra.

Ikuskizunaren erronka nagusia, beraz, 22ra iristea. Pilotariak beraien partida propioa jokatuko dute eta publikoa ere gorri eta urdin banatuko da, «bakoitzak bere pilotaria anima dezan». Pilotarien partidak eta ikusleen partidak tantoak gehituko dituzte markagailuan, eta beraz, partida bakarra izango da, Otaegik azaldu duenez: «Markagailua 22ra iristen denean amaitzen da bai pilota partida eta baita kulturaren partida ere».

Graduondokotik plazara 

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egin zuten Otaegik eta Artutxak Mondragon Unibertsitatean, eta master amaierako lanaren inguruan tutoreekin Tolosan izandako bilera batean izan zuen Frontonaren ideia Iñaki Urruzola irakasleak. Egun, bera da ikuskizunaren zuzendaria. Emanaldiari forma ematen hastean batu zitzaien Unai Ormaetxea, edizio bat lehenago graduondoko bera egin zuena. Hortik bi pilotariak gehitu zitzaizkien, San Sebastian eta Maiza, eta Egaña azkena izan da batzen.

Iñigo Otaegi: «Berrobin bada mamia, tokiko kontu eta bitxikeriekin xaxatzeko moduan izango gara» 

Hasiera batean, hezkuntzatik planteatu zuten proiektua, bereziki nerabeen eta gazteengan zentratu nahi zutelako. Hori horrela, lehen saioa Tolosako Laskorain ikastolan eskaini zuten, batxilergoko ikasleen aurrean. «Behin emanaldia eskainita, herriko frontoietan ere funtziona zezakeela iruditu zitzaigun eta probatu egin genuen». Horrela pasa dituzte hamar bat plaza, «gustura, suabe, etxeko epelean...» eta emanaldiari etorkizuna ikusita lotu dituzte beste hainbat hitzordu datozen hilabeteetarako. Bihar, Andoainen izango dira eta etzi zapalduko dute berriro eskualdea, Berrobin egingo duten saioan. «Berrobin bada mamia, tokiko kontu eta bitxikeriekin xaxatzeko moduan izango gara».

Argazkiak: EGOITZ BENGOETXEA.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!