Zuriñe Tardio junior mailako Espainiako Txapelketan izango da

Ataria 2022ko api. 6a, 11:58

Zuriñe Tardio, ezkerrean, ipar sektoreko faseko podiumean.

Judoka txaramarra bigarren geratu da ipar sektoreko fasean, eta txapelketako azken fasea jokatuko du. Joseba Regillaga amezketarra ere ipar sektoreko fasean izan da.

Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan parte hartu ostean, eta euskal federazioko hautatzaileen deialdia jaso eta gero, Judo Klub Tolosako Zuriñe Tardio txaramarrak eta Joseba Regillaga amezketarra Zaragozan izan dira junior mailako Ipar Sektoreko Espainiako Txapelketan. Txapelketa horrek Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko judoka hautatuak hartzen ditu eta lehen bi sailkatuei Espainiako Txapelketako azken faserako sailkapena ematen die. Tardio bigarren geratu zen, eta beraz, azken fase horretarako sailkatzea lortu du.

Tardiok gogo handiz ekin zion txapelketari. Iaz senior mailan ipar sektoreko txapelduna izan eta gero, etsipen handiz hartu zituen Euskadiko Junior Txapelketan izandako egun txarrak. Hala ere, eta azken urteetako lana kontuan hartuz, ipar sektorean borrokatzeko deia jaso zuen euskal federazioko hautatzaile taldetik. Tardiok aukera aprobetxatu zuen eta finalean sartu zen bere judo ona erakutsiz. Finalean ezin izan zuen irabazi eta zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen. Espainiako Txapelketako azken fasea larunbat honetan, apirilak 9, Madrilgo Gallur kiroldegian jokatuko du, estatuko junior mailako judoka onenen aurka lehiatuz.

Regillagak lehen urtea du junior mailan eta Euskadiko Txapelketan lortutako brontzezko dominaren ostean sari bezala jaso zuen ipar sektoreko fasean lehiatzeko aukera. Txapelketa ez zen modu onenean joan. Hala ere, datozen urteetarako ikasteko balioko diola azaldu dute klubetik: «Maila honetan oraindik bi urte gehiago dituela kontuan izanik ziur gaude Joseba berriro ere azken faserako sailkapena eskuratzeko borrokan izango dela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!