Heldu da unea 2021eko errenta eta ondarea aitortzeko, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hainbat udal eta erakunde publikorekin elkarlanean errenta euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du aurten ere.
Lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera bideak aldatzen diren arren, errenta aitorpena egiteko moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da aurtengo kanpainaren helburua. Eskualdeko 28 herrietatik 21 dira Uemako kide, eta horietatik 20 dira mankomunitatearen kanpainarekin bat egin eta errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dutenak.
Administraziorekin euskaraz
Uemak udalekin bat eginez, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko.
Izan ere, azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik. Administrazioa euskalduntzeko bidean eredu izan nahi du Uemak, eta eta bide horretan, garrantzitsua da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea.
Udalen eta hainbat erakunde publikoren arteko elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte hartzea ezinbestekoa da horretarako, eta hautu horretan eragin nahi du Uemak aurten ere kanpaina honekin.
Elkarlana, tokian toki
Udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean gauzatzen da kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. Mezu orokorra berbera da leku guztietan, baina tokian toki, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua. Gipuzkoan, esaterako, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta Uemak ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.
Modu bat baino gehiago egon daitezke horretarako: autolikidazio proposamena onartzeko orduan, eta baita aitorpena Internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egitean ere, euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz. Bestalde, gestoria batean eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egin eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazi.
Tolosaldean 25.082 pertsonak egin zuten iaz errenta aitorpena, eta horietatik 7.894 izan ziren euskaraz egin zutenak, %31,47.
Errenta aitorpena euskaraz egindakoen kopurua, herriz herri
- Abaltzisketa
2019: 88 (%50,57)
2020: 87 (%46,7) - Aduna
2019: 119 (%45,25)
2020: 118 (%44,87) - Albiztur
2019: 79 (%44,63)
2020: 75 (%42,86) - Alegia
2019: 329 (%39,73)
2020: 339 (%40,9) - Alkiza
2019: 88 (%47,83)
2020 86 (%47,2) - Altzo
2019: 112 (%47,26)
2020: 118 (%49,5) - Amezketa
2019: 258 (%52,65)
2020: 264 (%54,6) - Anoeta
2019: 369 (%34,55)
2020 376 (%35,3) - Asteasu
2019: 293 (%38)
2020: 300 (%38,7) - Baliarrain
2019: 34 (%47,89)
2020: 38 (%50,6) - Belauntza
2019: 46 (%35,94)
2020: 48 (%36,3) - Berastegi
2019: 286 (%51,44)
2020: 291 (%50,5) - Berrobi
2019: 120 (%40,27)
2020: 127 (%42,0) - Bidania-Goiatz
2019: 110 (%41,20)
2020: 119 (%42,3) - Elduain
2019: 65 (%50,39)
2020: 60 (%44,7) - Gaztelu
2019: 49 (%59,76)
2020: 45 (%56,2) - Hernialde
2019: 55 (%31,43)
2020: 56 (%32,5) - Ibarra
2019: 599 (%27,86)
2020: 598 (%27,7) - Ikaztegieta
2019: 84 (%34,85)
2020: 81 (%33,3) - Irura
2019: 274 (%28,13)
2020: 269 (%27,6) - Larraul
2019: 42 (%36,52)
2020: 38 (%32,7) - Leaburu-Txarama
2019: 71 (%37,97)
2020: 66 (%36,0) - Lizartza
2019: 175 (%54,86)
2020: 174 (%51,9) - Orendain
2019: 64 (%59,81)
2020: 65 (%54,6) - Orexa
2019: 48 (%73,85)
2020: 44 (%67,6) - Tolosa
2019: 2.785 (%26,80)
2020: 2.836 (%26,9) - Villabona-Amasa
2019: 744 (%26,01)
2020: 769 (%26,3) - Zizurkil
2019: 418 (%27,61)
2020: 407 (%27,15)