Hazilan enplegu programan izena emateko aukera

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 5a, 12:27

Tolosaldeko enpresa eta erakundeetan praktikak egiteko aukera eskainiko zaie 44 urte bitarteko gazteei.

Hazilan enplegu programaren edizio berria jarriko dute martxan maiatzean. 20 eta 44 urte arteko gazteak lan-merkatuan sartzeko programa da Hazilan. Lanik gabe dauden, beren ikasketekin bat datorren lanpostu baten bila dabiltzan edota lanean egonda, beren baldintzak hobetu nahi dituzten gazteek dute parte hartzeko aukera, beti ere goi-mailako ikasketak badituzte.
 

Tolosaldea Garatzenetik azaldu dutenez, programa bi fasetan banatzen da: lehenik, izena eman duten guztiek taldean 80 orduko formazio fase bat jasotzen dute. Maiatzaren 2tik 24ra izango da, astelehenetik ostiralera, Lehiberri Zentroan, 09:30etik 14:30era.

Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Saileko arduradunek gidatutako oinarrizko konpetentzia sozioprofesionalak garatzeko eta enplegu bilaketa hobetzeko saioak izango dira, eta autonomia, motibazioa, espektatiben kudeaketa, komunikazioa, gatazken kudeaketa, erabakiak hartzeko gaitasuna edota plangintza jorratuko dituzte. Talde-dinamikak ere egingo dituzte, eta amaieran jarraipen pertsonala izango dute parte hartzaileek.

Lehen fase hori amaituta, ekainetik irailera bitarte, Tolosaldeko enpresa edo erakunderen batean, udaletan esaterako, praktikaldia egingo dute, norberaren profilera egokitutako lanpostuetan, lan-esperientzia hartzeko eta lan-aukerak sustatzeko. 

Izen-ematea martxan

2022ko lehen taldea osatzen ari da Enplegu Saila, eta apirila amaierara arte izango da izena emateko aukera. Horretarako, lan@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo Tolosaldeagaratzen.eus webguneko Hazilan gunean datuak bete beharko dira.

Irailean ere Hazilan programaren bigarren talde bat osatzeko asmoa dutela azaldu dute, nahiz eta horretarako datak oraindik ez dituzten finkatu. Dena dela, interesatuek Enplegu Sailarekin aipatutako bideetatik harremanetan jartzeko aukera dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!