PSE-EE alderdiko eskualdeko ordezkariek Tolosaldeko ospitale publikoaren proiektuaren inguruko azalpenak eskatu dizkie Tolosako EAJ-ri eta baita Olatz Peon alkateari ere. Izan ere, gogorarazi dutenez, «duela hiru urteko hauteskunde kanpainan egin zuten promesa».
Gainera, Osasun sailburu Gotzone Sagarduiri eskatu diote Plan Funtzionalaren egoerari buruzko informazioa emateko. «Azken plan hori 2022ko lehen hiruhilekorako aurreikusita zegoen, eta dagoeneko amaitu da epe hori. Era berean, eskatu dute Osasun Sailak «ez dezala baztertu» Tolosaldeko ospitalea izango denaren kokapen posibleetako bat ere: «Ez lirateke Asuncion ospitalearen publifikazioaren aurka egongo agintari eskudunek eta Plan Funtzionalak hala ezartzen badute».
Sozialisten hitzetan «ustekabekoa» izan da Plan Funtzionalaren idazketaren azken atzerapena, zentro berriaren zerbitzuak zehaztuko baititu, «inguruko biztanleei ematen zaien osasun- zerbitzua hobetzen jarraitzeko». «Duela urtebete, Sagardui sailburua eskualdeko alkate sozialistekin bildu zen, eta pasa den urteko udarako plan hori idatzita egongo zela hitz eman zuen. Hala ere, ez zuen bere hitza bete, eta ondoren egindako kontsultetan, urte amaierarako atzeratu zuen plangintza hori; azaroan, ordea, berriro berandutu zuen epea, 2022ko lehen hiruhilekora», azaldu dute.
Bestalde, Tolosaldeko PSE-EEko ordezkariei «deigarria» egin zaie Tolosako Udalak egindako azterketaren ondoren Sagarduik Iurramendiko aparkalekua «zein azkar» aukeratu duen Eskualdeko Ospitalearen etorkizuneko kokapena izan dadin. «Goiz da erabakia hartzeko, oraindik ez baitaukagu Plan Funtzionalaren dokumentua». Plan Funtzionala «giltzarritzat» jotzen dute. «Izan ere, osasun zentro horrek emango duen zerbitzu zerrenda zehazteko ardura izango du; are gehiago, premia teknikoak zehaztuko ditu. Horregatik, derrigorrezkoa da aurrez jakitea zer zerbitzu eskainiko diren eta zer gaixo mota artatuko dituen».
Tolosaldeko sozialisten ustez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «ahalegin handiagoa» egin beharko luke, «Tolosaldeko osasun arretak Osakidetzaren barruan dauden gainerako eskualdeetako osasun zentroen baldintza berberak izan ditzan».