Akuarelaz margotutako lehenak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 31a, 19:59

Juanan Zubeldia altzotarrak azken urtean akuarelaz margotu dituen koadroen erakusketa jarri du Tolosako 3 tabernan; apirilaren 19ra bitartean egongo dira ikusgai.

Juanan Zubeldia margolaria Altzo Azpin jaioa da, eta txikitatik izan du gustuko marraztea. Disfrutatu egiten du. Gaur egun Ibarran bizi da, eta Tolosako 3 tabernan jarri du akuarelarekin marraztu dituen lehen koadroen erakusketa. Apirilaren 19ra bitartean ikusgai egongo dira margotuak dituen koadroak, eta ikusteaz gain erosi egin daitezke altzotarraren lanak.

Marrazketa txikitatik landu du Zubeldiak, eta komikiak izan ditu gustuko umetatik. Gazte garaian aerografoarekin hasi zela esperimentatzen kontatu du. Margotzeko estilo bat da eta pistola moduko batekin egiten da: «Kotxeak margotzeko pistolaren antzekoa da, baina miniaturan da, eta kontrolatu egiten duzu marra. Marrazki hiperrealistak egiteko balio du», dio.

28 bat urterekin oliorako jauzia eman zuen, eta urte mordo batean olioarekin margotu izan ditu bere lanak. Ikastaroak ere egin ditu, eta Madrilera joan eta bertan bi urte eta erdiz Guillermo Muñoz Vera fundazioan aritu zen. Madrilen bizi den margolari txiletarra da Muñoz: «Mundu guztiko margolariak hartzen zituen fundazioan, tailerrak prestatzen zituen, eta han aritzen ginen margotzen ikasten». Gero, taldeko erakusketak jartzen zituzten beraiek sortutako lanak erakusteko.

«OSO ONDO PASA DUT»

Euskal Herrira itzuli zen bizitzera, eta ez ziren urte errazenak izan: «Higiezinen burbuilagatik guztia haizea hartzera joan zen eta artista guztiok pikutara joan ginen». Tabernetan eta toki ezberdinetan muralak margotzen eta koadroak marrazten ahalegindu zen; «baina, lana bilatu behar izan nuen, eta beti lanarekin bateratu behar izan dut marrazketa». Denboraldi labur batez bizi ahal izan zen artetik. Gerora, beti denbora librea uzten dioten lanak aurkitu ditu.

Komikien zaletasunari tiraka, zortzi urtez komikiak egiten aritua da. «Komiki asko akuarelarekin koloreztatzen nituen, baina pixka bat geldituta-edo nengoen, eta akuarela txiki batzuekin probak egiten hasi nintzen». Iaz hasi zen, eta serie bat akuarelaz margotzen duen lehen aldia du. «Olioarekin saltzen ez baduzu etxean pilatu egiten da, eta leku asko behar duzu», azaldu du. Akuarelak aldiz leku gutxi eskatzen dio: «Oso polita da, asko gustatu zait, eta oso ondo pasa dut koadroak margotzen».

Lagun baten proposamena izan zen erakusketa jartzearena, eta lehen aldiz jarri ditu ikusgai akuarelaz eginiko lanak. Bere lanak mugitzen ere ahalegintzen da, eta ate batzuk jo ditu artistak. Lan batzuk Santanderko galeria batera eramanak ditu, eta bertan erakusketa baterako ere hitz eginda dago. Horrez gain, Madrilera ere joatekoa da bere artelanekin. «Mugitu egin beharra dago, eta askotan ateak jotzen dituzu, baina ez dira irekitzen», dio. Esparru «oso zaila» dela aitortu du.

Gustuko toki edo gauzei argazkiak ateratzen dizkie, eta argazkien artetik margotzeko aukeraketa egiten du gero. «Eraikin zaharrak ditut gustuko, eta argia eta itzalaren kontrasteak. Pareta zaharren testurak gustatzen zaizkit; ate zaharrak, harri zaharrak, eta paisaia bereziak ere asko gustatzen zaizkit».

Akuarelekin hasi besterik ez da egin Zubeldia; «agian aurrerago beste zerbait pintatzetik emango dit», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!