Tolosaldeko ospitale publikoa

Tolosaldeko PSE-EEk Osasun Sailari eskatu dio Asuncionekin duen hitzarmena berrikusteko

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 24a, 15:28
Ezkerretik eskuinera atzean Sanchez, Villanueva, Arija eta Narciso, eta aurrean De Miguel, Lainez eta Arana.

Sozialistek Osasun Sailari eskatu diote egiaztatu dezala Asuncion ospitalearekin eta Belate zein Andoaingo zentro anbulatorioekin duen ituna betetzen ari den. 

Joxe Mari Villanueva Tolosako PSE-EEko udal taldeko bozeramaileak eta Maider Lainez Andoaingo sozialisten idazkari nagusi eta alkateak esan dute etorkizuneko eskualdeko ospitalea eraikita eta antolatuta izan arte Osasun Sailak "ahalegin gehiago egin behar dituela" Tolosaldean ematen den osasun arreta Osakidetzako osasun erakundeen (ESIen) baldintza berberetan ematen dela bermatzeko. Prentsaurrekoa eskaini dute gaur, eta bertan izan dira ere Maite Arana eta David de Miguel Larraulgo eta Berrobiko alkateak hurrenez hurren, eta Fernando Narciso, Maria Luisa Arija eta Jose Antonio Sanchez, Ibarra, Villabona eta Zizurkilgo udal taldeetako bozeramaileak.

Tolosaldeko osasun arretak kezka sortzen duela esan dute. "Oso kezkagarriak dira Asuncion ospitalea kudeatzen duen Inviza S.A. enpresak ematen duen zerbitzuaren erabiltzaileek planteatzen dituzten kexak". Ospitaleko enpresa batzordeak berak egindako adierazpenak ikusita, egoera are larriagoa dela esan dute. "Azken hiru urteetan, zerbitzua desegin egin dela eta anestesia-zerbitzua, zainketa intentsiboetako unitate-zerbitzua, eta traumatologia-zerbitzua kendu dituztela salatu du enpresa batzordeak, eta azkena da barne-medikuntzako unitatearen itxiera, non hiru internista eta geriatra bat zeuden. Antzeko tamaina duen ospitale batean, zazpi internistek eta zerbitzuburuak ematen dute zerbitzu hori".

Era berean, Lainezek eta Villanuevak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiri eskatu diote Plan Funtzionalaren egoerari buruzko informazioa emateko. Azken plan hori, hain zuzen ere, 2022ren lehen hiruhilekorako aurreikusita zegoela esan dute. Gainera, eskatu dute Osasun Sailak ez dezala baztertu Tolosaldeko ospitalearen kokapen posibleetako bat ere, harik eta Plan Funtzionala burututa egon arte.

Ustekabeko atzerapena
Sozialisten iritziz "ustekabekoa" izan da Plan Funtzionalaren idazketaren azken atzerapena, "zeinak zentro berriaren zerbitzuak zehaztuko duen, inguruko biztanleei ematen zaien osasun arreta hobetzen jarraitzeko". Duela urtebete, Sagardui sailburua eskualdeko alkate sozialistekin bildu zela gogoratu dute, eta 2021eko udarako plan hori idatzita egongo zela hitzeman zuela. "Hala ere, ez zuen bere konpromisoa bete eta, ondorengo kontsultetan, plangintza horrek 2021eko amaierarako atzeratu zuen eta, azaroan, berriro berandutu zuen epea, 2022ko lehen hiruhilekora arte".

Aitzitik, Tolosaldeko PSE-EEko ordezkariei deigarria egin zaie Sagarduiko Sailak Iurreamendiko aparkalekua zein azkar aukeratu duen eskualdeko ospitalearen etorkizuneko kokapena izan dadin, udalak egindako azterketaren ondoren. "Goiz da erabakia hartzeko, oraindik ez baitaukagu Plan Funtzionalaren dokumentua". Plan Funtzionala giltzarritzat jotzen dute,  "osasun etxe horrek emango duen zerbitzu zerrenda zehazteko ardura izango baitu. Areago, premia teknikoak zehaztuko ditu ere". Horregatik, aurretik zer zerbitzu eskainiko diren eta zer gaixo mota artatuko diren jakitea derrigorrezkoa dela esan dute.

Azkenik, Tolosaldeko sozialisten ordezkariek esan dutenez, "gure bizilagunentzat ez dugu gainerako eskualdeetan baino zerbitzu hobea eskatzen, baina bai, gutxienez, eskualde horietan emandakoa bezalakoa izatea". Are gehiago, konpromisoa hartu dute "ez dugula inoiz babestuko lehen eta bigarren mailako ESIak egotea". Eta, horretarako, ziur daude eskualdeko ospitale bat eraikitzea dela irtenbidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!