Martxoaren 30ean aurkeztuko dute Tolosaldeko Emakumeen Etxearen proiektua

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 22a, 14:59

Partaidetza prozesuari amaiera emango diote, Gune Zabalaren azken bilerarekin; Tolosako udaletxean izango da, 18:00etan, eta emakumeei bertan parte hartzeko deia luzatu die udalak. Bestetik, ostegun honetan egingo dute Berdintasun Kontseiluaren lehen bilera.

Tolosako Udalak berdintasunaren alorrean aurrerapausoak ematen dihardu herriko eragileekin eta herritarrekin elkarlanean, eta martxoan bi bilera ireki egingo ditu: Berdintasun Kontseiluaren lehen bilera eta Tolosaldeko Emakumeen Etxearen partaidetza prozesuko azken bilera irekia, non behin betiko proiektua aurkeztuko den. Bi bilerak euskaraz izango dira eta itzulpen-sistema eskainiko da, euskaraz hitz egiten ez dakitenek eta ulertzen ez dutenek aurreikusitako bileretan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Berdintasun Kontseiluaren lehen bilera ostegunean izango da, 18:00etan, pleno aretoan. "2021 urtearen amaieran sortu zen Berdintasun Kontseilua, emakumeen eskubide politiko, zibil, sozial, ekonomiko eta kulturalak defendatzeko eta zabaltzeko helburuarekin, emakumeen eskubideen alde lan egiten duten udalerriko talde eta elkarteen arteko lankidetza sustatuz", adierazi dute udaletik.

Tolosaldeko Emakumeen Etxea garatzeko Gune Zabalaren azken bilera irekia, berriz, martxoaren 30ean (asteazkena) egingo da, eta Emakumeen Etxearen behin betiko proiektua aurkeztuko da bertan. Topaketa arratsaldeko 18:00etan izango da, pleno aretoan, eta bileraren garrantzia dela eta, Tolosako Udalak eskualdeko emakumeei parte hartzeko gonbita luzatu die.

"Tolosaldeko Emakumeen Etxea Tolosan eta eskualdean emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala sustatzea helburu duen proiektu estrategikoa da", esan du udalak. 2018an abiarazi zen Tolosaldeko Emakumeen Etxea definitzeko parte hartze prozesua eta 2021eko maiatzean hasi zen azken fasea. Hilaren 30ekoa izango da azken bilera irekia, eta orain arteko lanketaren bidez garatu den proiektua osotasunean aurkeztuko diete herritarrei.

Emakumeen Etxea eskualdeko emakume guztientzat "erreferentziazko espazioa" izango dela azaldu du udalak: "Elkar ezagutzeko, feminismoaren aldeko ekimenak antolatzeko eta emakumeen arteko eztabaida eta hausnarketa sustatzeko gune bat sortuko dugu. Hainbat jarduera eta zerbitzu eskainiko ditu, besteak beste, Jabetze Eskolaren jarduerak, informazio- eta harrera- zerbitzua eta arreta juridikoa, arreta psikologikoa, sexologia-zerbitzua, ikasketen homologazioa, indarkeria matxista prebenitzeko eta aurre egiteko zerbitzuak, eta emakume-talde eta eragile feministen jarduerak garatzeko espazioa. Udaleko Berdintasun Saila ere bertan egongo da kokatuta".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!