Elkarrizketa

«Garraiolariak geratzen bagara, negozioaren katea eten egiten da»

Asier Imaz / Irati Saizar 2022ko mar. 22a, 11:59

Astebete igaro da garraiolariek greba mugagabea hasi zutenetik; lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira, eta duela 30 urte inguru egindako eskariak mahai gainean jarri dituzte berriro ere.

Bederatzigarren greba eguna dute gaur garraiolariek. Alex Perurena ikaztegietarra kamioi gidaria da eta lanerako dituzten baldintzak edota prezioen igoerak kezka sortzen dio; egoera «txarra» dutela esan du. Guztia salatzeko kamioi karabana egin zuten atzo Irundik abiatuta, eta tartean, eskualdetik pasa zen, ondoren Goierrirantz joateko.

Pasa den astelehenetik zaudete greban.

Garraiolari guztioi okertu zaigu egoera, guztientzat igo da gasolioaren prezioa. Baina enpresa handiak daude, adibide bat jartzearren, Gasteizko Mercedes edo Iruñeako Volkswagen, eta gertatzen dena da beraiek ez dutela kopuru osoan lan egiten, hau da, autonomoak kontratatzen dituztela lan batzuk egiteko. Eta autonomoekin, urteko beraien balantzea zuzentzen dute, lan eskasenak autonomoentzat utziz, eta lan erosoena bertako garraiolariek eginez. Urtetik urtera egoera okertzen doanez, geroz eta autonomo gehiago sartu dituzte beraien portzentajeetan, eta enpresa asko daude %60tik gora garraiolari autonomoak dituena.

Eta zer moduz doa greba?

Espero zen bezala. Azken batean, garraioa negozio guztien bizkarrezurra da, eta gu geratzen bagara, katea eten egiten da. Guk gure eskubideak ditugu, eta nahi duguna da, jendeak ikustea kamioiak geratuz gero, gauzak poliki-poliki geratu egin daitezkeela.

Zu zein egoeratan zaude?

Ez hain txarrean. Garraioan urte onak harrapatu ditut; azken urteak ez dira onak izaten ari, eta erretiroa hartzeko hamar bat urte geratzen zaizkidala ikusita defendatzeko moduan ikusten dut nire burua. Baina errepidera ateratzen bazara ikusten duzu ez dagoela gazterik garraioan lanean. Izan ere, baldintzak oso txarrak dira. Aspalditik datorren eskaria da erretiroa 60 urterekin hartzea. Nahiz eta nahi izan, ordea, ez diot bideragarritasunik ikusten, garraiolarien %60 inguru ia 60 urtetik gorakoa delako.

Duela 30 urte inguru greba gogorrak egin zenituzten.

Sekulako geldialdia izan zen. Ni gaztea nintzen eta gauzak ez nituen oso ondo ulertzen, baina nire maisu izan zirenek eskubide batzuk eskatzen zituzten eta orain konturatu naiz arrazoi zutela. Gaixotasun profesionala aitortzea eskatu genuen, laneko istripurik ere ez zaigu aitortzen, zirkulazioko istripu gisa hartzen dira eta mediku baja soilik izaten dugu. Horrekin batera, tarifa erregulatuak eskatzen ziren. Adibidez, hemendik Madrilerako bidaian kamioi batek zenbateko jakin bat kobratzea, eta ezin hortik jaitsi ahal izatea. Eta orain kontua da gasolioaren prezioak ito egin gaituela, eta derrigortuta gaudela portzentaje handiago bat igotzea. Guk badakigu enpresari ere ez diola mesederik egingo horrek. Baina momentu bat iritsi da, non gure burua defendatu behar dugun. Beste puntu bat ordainketaren denbora da. Lehen 60 edo 90 egunetara ordaintzen zuten, eta gaurko egunean 90 edo 120 egunetara ordaintzen dira fakturak, hilabete guztian lan egin eta gero, hiru-lau hilabetera kobratzen ditugu. Kontua da hilabetea amaitutakoan ordaindu behar izaten dugula guk gasolina. Eskuetatik joanda dago.

Greba harekin zer lortu zen?

Zoritxarrez ezer ere ez. Nahiz eta eskaera onak izan, garai hartan diru pixka bat irabazten hasi ginen eta arazo horiek tapatu egin ziren. Gero dozena bat urte izan ziren, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuk laguntza batzuk bideratu zituztena, aurretiko erretiroa hartzeko. Baina horrek bere alde txarra ere izan du: bertako enpresek kanpoko txoferrak hartu dituztela soldata oso kaxkarrekin, eta horrek min handia egiten digu.

Eta tira eta tira jarraitu duzue.

Margena bagenuen, eta garrantzia gehiegirik ez genien eman kontu batzuei. 1991n erabaki bat hartu genuen: aseguru konpainiekin negoziatzea poliza txukun bat lortzeko denontzat. Gure kabuz egin genuen hori. Zoritxarrez, 13 bazkide izan ditut hil direnak, batzuk gaixotasunez eta besteak istripuz. Geratzen zaigun gauza bakarrenetakoa da familia horiek ez direla bakarrik geratu, beren bizimoduarekin aurrera egin ahal izan dutela. Izan ere, badaude egoera oso txarrean geratu diren familiak.

Eta 67 urtera arte kamioia gidatzen. Ez da edozein ofizio.

Adinarekin erreflexuak eta beste hainbat gauza jaisten doaz. Egia da kamioiak geroz eta automatizatuago daudela, baina ez dut uste adin hori egokia denik txofer ibiltzeko.

Gaur egun, zein da egoera?

Txarra. Momentu honetan ez dago etekinik. Etekinik ez badago, geratzea da hoberena. Izan ere, lanean etekinik gabe hasten bagara, galera dator, eta askoz galera gutxiago izango dugu kamioiak geldirik izanda. Horrek enpresa askoren lana etetea ekartzen du. Konfinamendu garaian jainkoak ginen, eskerrak ematen aritu zen mundu guztia, eta orain beste alderdian gaude.

Duela 30 urteko eskaerak berriro mahai gainean daude.

Halaxe da. Frantzian badago lege bat, esaten duena 30 egunetara ordaindu behar direla fakturak, eta horixe lortu nahi da hemen ere. Gasolioaren prezioak ere egoera larritu du. Dena gorantz doa, eta ez da ulergarria.

Gasolioaren prezioaren igoerak kezkatzen zaituzte.

Ez da oraingo kontua. Pasa den udan hasi zen igotzen, eta duela bi aste, hiru egunetan 0,28 zentimo igo da, pentsa.

Kamioi baten deposituan zer eragin du horrek?

Adibide bat jartzearren, martxoaren 1ean 1.000 litro bota nizkion kamioiari; 1,58 euroan zegoen. Pentsa, 2,15 euroan ere egon dela. Guk Madrilera joan eta etorri 1.000 euro inguru kobratzen ditugu, gehi BEZa, beste 190 euro inguru. Eta gasoliotan bakarrik 810 euro gastatuko genituzke, gasolioa 1,84 euroan egonda. Ehun euro ere ez zaizkigu geratzen poltsikorako, eta ez da gasolioa bakarrik, aseguruak, gurpilak... faktura asko daude. Ez da nire egoera, lau urte direlako kanpora bidaiak egiteari utzi niola, baina besteengatik ere egin beharra daukat.

Lan erregulazioa ere eskatzen duzue.

Kontua da, jende batek soldata batere duina izan gabe kamioneta hartzen duela, eta baldintza horietan ezin dugu konpetitu. Baldintza berdinak eskatzen ditugu, guztientzat. Zergak eta gainerakoak guztiok berdin ordaintzea, hemengo txoferron baldintza berak izatea guztiok.

Beste eskaera bat karga-deskargarena da.

Bereziki elikagaiekin gertatzen da. Kamioi batean gehienez 25 tona etortzen dira, paleetan. Badaude etxe batzuk apaletan jartzeko eskatzen dizutenak, baina hori ez da nire lana. Kontua da lan hori ordaintzen duten enpresak daudela. Enpresa batek negoziatu badu lan osoa, garraio kostu horretatik aparte zerbait gehiago jarrita, ulergarria da lan hori egin behar duenak ordainketa hori kobratzea. Zer gertatzen da? Beste bitartekari batek hartzen duela bidaia hori, niri kargatzen didatela, baina niri ez zaizkidala iristen hor kobratzen diren 60 edo 80 euroak. Beste eskari bat da hori legez ezartzea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!