Unibertsitate Ministerioak emandako lau sarietatik bi, eskualdera

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 21a, 10:14
Maddi Dorronsoro Olamusu eta Janire Otamendi Jauregi.

Unibertsitate Ministerioak EHUko lau graduatu saritu ditu karrera amaierako sari nazional banarekin eta horietako bi eskualdekoak dira;  Abaltzisketako Janire Otamendi Jauregi eta Berrobiko Maddi Dorronsoro Olamusu.

Urtero, Unibertsitate Ministerioak unibertsitate ikasketak bikain egin dituztenak saritzen ditu Unibertsitate Hezkuntzako Karrera Amaierako Sari Nazionalekin. Azken edizioan, 2016-2017 ikasturtean graduatu zirenei dagokienean, Euskal Herriko Unibertsitateko lau tituludun daude 171 sarituen artean, eta horietako bi eskualdekoak dira. Abaltzisketako Janire Otamendi Jauregik (Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua) Zientzien eta Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren adarretako bigarren saria eskuratu du eta Berrobiko Maddi Dorronsoro Olamusuk  (Gizarte Antropologiako Gradua) Gizarte eta Lege Zientzien adarreko hirugarren saria. Beste bi sarituak Andrea Cuesta Cano (Geologiako gradua) eta
Maider Azurmendi Arotzena (Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko gradua) dira.

Janire Otamendi Jauregi
2. saria. Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua

Hau ez da Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko graduatu honek lortzen duen lehen aintzatespena. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan bikaintasunez graduatu zen, izan ere, promozioko espediente akademikorik onena berea zen eta, horregatik, Kutxaren Ikasketa Amaierako Sarietako bat eman zioten. Bere GRALak bigarren saria lortu zuen Gipuzkoako Ingeniarien Elkargoak ematen duen XVI. Felix Sopelana Memorialean. Graduatu ondoren, Janirek Kontrol, Automatizazio eta Robotikako Ingeniaritzako Masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta promozioko espediente akademikorik onena lortu zuen. Masterra amaitzear zegoela, Indar Electric SL enpresan hasi zen lanean. “Urtebete egin nuen bertan eta oso esperientzia interesgarria izan zen; asko ikasi nuen”, azaldu du. Baina, Unibertsitate Ministerioak emandako beka batekin, doktorego tesi bat hasteko aukera sortu zitzaion, “eta aukera hori aprobetxatzea erabaki nuen”. Doktoregoa Euskal Herriko Unibertsitateko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailean egiten ari da.

Abaltzisketarrak ez zuen saria espero: “Hasiera batean ez nekien halakorik zegoenik ere. Unibertsitateak mezu elektroniko bat bidali zigun informatzeko eta aurkeztera animatzeko, eta halaxe egin nuen. Nire ustez, karrerako lau urteetan egindako ahaleginaren aintzatespen bat da, eta positiboki baloratzen dut. Oso jende interesgarria ezagutu dut, eta irakasle oso on batzuengandik asko ikasi ahal izan dut; Gradu Amaierako Lana eta Master Amaierako Lana egitean izan ditudanak nabarmendu nahiko nituzke. Hala eta guztiz ere, eta modu orokorragoan hitz eginez, esan nahi nuke, zenbait urtez ikasten egon ondoren, bai enpresa munduko, bai ikerketa karrerako lan baldintzak ez direla oso onak, eta hori nahiko frustragarria da”.

Maddi Dorronsoro Olamusu
3. saria. Gizarte Antropologiako Gradua

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean Gizarte Antropologiako Gradua bikaintasunez amaitu eta Kutxaren Ikasketen Amaierako Saria eskuratu ondoren, Maddi Eskoziara joan zen ikasten jarraitzera. Gizarte Antropologiako ikerketa master bat egin zuen Aberdeengo Unibertsitatean, eta hura ere bikain amaitu zuen. Ondoren, 'The Leverhulme Trust' beka jaso zuen Edinburgoko Unibertsitatean Gizarte eta Politika Zientzietako beste ikerketa master bat egiteko. Ondoren, EBko boluntario izan zen –European Solidarity Corps (ESC)–, Materan (Italia). Eta iaz Euskal Herrira itzuli zen, Labayru Fundazioko ikertzaile gisa lan egiteko. Bertan, azken hilabeteetan, Gipuzkoako inauterien katalogoa egin du Eusko Jaurlaritzarentzat.

Hirugarren saria lortzea “ezusteko bat izan zen”, esan duenez. “Urte horietan egin nuen lana aitortzea oso pozgarria da. Curriculumean ere geratuko da, eta hori positiboa da”. Euskal Herriko Unibertsitatean emandako denborari buruz galdetuta, “urte haietaz oroitzapen ona” duela esan du berrobitarrak. Gogoratu duenez, ikasle gutxi ziren Gizarte Antropologiako Graduan, “eta horrek irakasleekin eta gure artean harreman hurbila izatea eragiten zuen. Gainera, nabarmendu nahiko nuke unibertsitate ikasketak euskaraz egitea pribilegio bat izan zela, nahiz eta horretarako zailtasunak eta mugak izan. Zenbait mailatan prestatu nintzen urte horietan. Arlo akademikoan asko ikasi nuen, eta horrek bizitzan eman ditudan hurrengo urratsetan lagundu dit. Baina esango nuke Antropologia ikasi izanak ere asko markatu ninduela maila pertsonalean, gauza asko ziurtzat hartzen nituela eta hori aldatu egin zela, eta inguruan dudanaz jabetzeko moduan eragin zuela. Bene-benetan eskertzen dut”.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!