Gipuzkoa Encounterraren balantze positiboa egin dute

Ataria 2022ko mar. 21a, 09:31

Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaile Sabino San Vicente oso pozik agertu da bilkura birtualaren garapenarekin, bai eskainitako edukiengatik bai parte-hartzaileen inplikazioagatik.

Bi urtez izandako murrizketen eta mugen ondorioz, parte-hartzaileen artean gogo handia atzematen zela esan dute antolatzaileek eta, jada uztailaren 22tik 25era egingo den Euskal Encounter jaialdiaren 30. edizioa prestatzen hasi direla gehitu dute. Parte-hartze handia izan da hiru egunetan zehar arlo guztietan: sormen digitala, hardwarea, bideo-jokoak eta software librea.


Gipuzkoa Encounterren 16. edizioari ere nota ona jarri diote antolatzaileek, teknologia zaleen inplikazioa eta parte-hartzea ikusita, bai 20 hitzaldi eta tailerretan eta bai partyko gainerako arloetan ere: sormen digitala, hardwarea, bideo-jokoak eta software librea. Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaile Sabino San Vicente oso pozik agertu da online egindako edizio honen emaitzarekin, eta balantze gisa, eskainitako edukien kalitate handia eta parte-hartzaile, babesle eta antolatzaileen arteko lankidetza bikaina azpimarratu ditu.

Ostiraletik atzo arte gauzatutako Gipuzkoa Encounterrean mugimendu handia izan dela esan du San Vicentek. "Antolakuntzak ezarritako parte-hartze sistemak zaleen arteko etengabeko elkarreragina ahalbidetu du, areto birtualen bidez. Eta, aldi berean, Youtube bidezko emisioek eta Twitcheko kanalean igorritako Encounter TV programak jarraipen ona izan dute".  Prestakuntza-material hori guztia Euskal Encounterren YouTubeko kanalean dago eskuragarri.  Interes handiena piztu duten gaien artean daude Instagramen etorkizuna, NFTen arautze-falta, Google Analyticsen legezkotasunari buruzko eztabaida edo etxean energia aurreztea ahalbidetzen duten aplikazio teknologikoak.

Euskaltel Fundazioak antolatu du ekimena, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, SPRI Taldearen bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!