Tolosaldeko ospitale publikoa

Tolosaldeko osasun arreta beste eskualdeetako bera dela esan du Sagarduik

Ataria 2022ko mar. 18a, 13:38

EH Bilduko Ibai Iriarte legebiltzarkideak Asuncion ospitaleko azken gorabeherak izan ditu hizpide, gaur, Legebiltzarrean. "Osasun sailak uste al du egun Tolosaldeko herritarrek Asuncion ospitalearen bidez kalitatezko osasun arreta jasotzen ari direla?", galdetu dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari.

Ibai Iriarte tolosarrak eskualdeko osasun arretari buruz galdegin dio gaur, Gotzone Sagarduiri, Legebiltzarrean. Azken hilabeteetan Tolosaldeko ospitale zerbitzua eskaintzen duen Asuncion ospitalean gorabeherak izan dira eta horrek herritarren kezka areagotu duela aipatu du Iriartek. Sagarduik erantzun dio garrantzitsuena ez dela Osasun sailburuak azken asteetan Asuncionen egon diren langileen irteerei edo kontratazioei buruz uste duena, baizik eta Osasun saileko zerbitzu teknikoek edo ikuskatzaileek uste dutena. "Beraiek baieztatu behar dute Asuncion ospitaleak betetzen al dituen zerbitzuak emateko kontratuan aurreikusten diren arreta, kalitate eta segurtasun baldintzak", gehitu du. Esan du teknikarien egin berri duten ikuskapenaren arabera, "bere jarduera garatzeko baldintzak betetzen ditu".

Iriartek ordea, Ospitalean eman diren azken albisteen berri eman dio eta esan du egiari bizkar ematen ari dela. "Tolosaldean azken hilabeteetan gertatu denak ez du izenik. Urteak daramatzagu espezializazio gabeko medikuekin, egun medikuen erdiak daude... zenbat horrelako kasu daude beste ospitaleetan?". Nabarmendu du urteak direla Asuncioneko medikuen ratioak baxuak direla eta langileen errotazioa eta joan-etorria amaigabea dela, "baina azken hilabeteetan egoera lehertu da".

Irailean hematologoa Bartzelonara joan zela eta ordutik abendura bitarte kontsultak telefonoz egin direla esan du, eta urtarriletik zerbitzu hori ez duela inork betetzen nabarmendu du. "Atzo erizain batek esan zidan ez dutela Sintroma nork kontrolatu". Tarteka Asuncionera Zumarragako ospitaleko bi hematologo joaten direla kontatu du, "astean behin eta euren aukeren arabera". "Eta orain dakigu Diario Vasco-n Maria Caballerori egindako  elkarrizketa irakurrita, hurrengo hilean etorriko dela bat". Urologoaren inguruan hitz egin du ere; "etorri berri den urologoa Osakidetzan erretiratu berria da, hau da, erretiroa hartu eta ospitale pribatuan lan egiten hasi da".

"Barne-medikuntzako mediku guztiek utzi dute ospitalea"

Otsailean Asuncioneko barne-medikuntzako mediku guztiek ospitalea utzi zutela nabarmendu du Iriartek. Eta zergatiaren berri eman du: "Montoyari –Asuncioneko kudeatzailea- txosten bat eman ziotelako non ikusten zen 2016an baino %69 gehiago lan egiten ari zirela, eta 3 mediku berri eskatu zizkioten. Honen ezezkoaren aurrean, alde egin zuten". "Benetan oraindik zerbitzua kalitatezkoa dela esango diguzula?".

Gotzone Sagarduik erantzun dio otsailaren 3an izan zutela profesional faltaren berri Osasun sailean. "Pertsona bakar bat zen eta ez zen uste Osakidetzak kontratatzen duen zerbitzuaren zatiari eragiten zionik, Asuncion ospitaleak Osakidetzarekin hitzartu gabeko zerbitzu propioak dituelako". Urtarrilaren 19an eta 26an langile gehiago falta zirela jakin zuen Osasun sailak, kasu horretan barne-medikuntzako medikuak eta horren aurrean sailak informazioa eskatu zion Asuncioni. Urtarrilaren 26an baieztatu zion Asuncionek Osasun sailari hainbat medikuk alde egin zutela, "gobernantza eta lan antolaketa" arrazoiak medio. "Era berean, barne-medikuntzako lau profesional berri kontratatzeko kontingentzia plan baten berri eman ziguten". Otsailaren 1ean eskatu zion Osasun sailak Asuncioni informazioa berritu zezala eta otsailaren 2an jaso zuten eskatutako kontingentzia plana eta bide-orria. "Otsailaren  4,7, 10, 16 eta 17an bilerak egin genituen eta esan bezala, ikuskaritza batekin amaitu genuen".  Ikuskaritza hori pasa den asteazkenean amaitu zen, eta horren arabera Asuncion eta Osasun sailaren artean dagoen hitzarmena betetzen dela ondorioztatu dutela esan du Sagarduik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!